Amagoia MUJIKA GASTEIZ
Elkarrizketa
MANEX AGIRRE
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Poz lasaia izan da, irauten duen horietakoa, eta luze iraungo duela uste dut»

Pozik hartu du bigarren txapela aramaioarrak. Aurrekoa, 2011. urtekoa, baino «patxadatsuago». Adina izango da, aste honetan bertan bete baititu 33 urte. Txantxak aparte, oro har saio patxadatsua egin zuen, erregularra, eta pozik dago horregatik, nahi baino gorabehera gehiago marraztea izaten baita maiz finalaren ondorengo bere buruko mina. Aurtengo buruko mina bestelakoa da, gehiago ajearena.

Artean Gasteizen harrapatu dugu, bezperako ospakizunen ondoren Aramaiora abiatu gabe. Txapelak bai, txapelak Aramaion egin zuen lehen gaua, gurasoenean.

Jakin-minez. Finalaren ondorengo ospakizunetan bertsorik izaten da?

Ez pentsa, eskaerak izan dira, bat baino gehiago, baina ez, ez dugu bertsotan egin. Beste gauza batzuetarako unea izaten da, hizketarako, barre egiteko, lasaitzeko... eta azkenean jendeak ulertzen du arratsaldea bertsotarako izan dela eta saio luzea izan dela.

Tira. Zorionak Manex.

Oso pozik nago. Hala ere, esango nuke 2011. urteko txapela lotuago egon zela euforiarekin. Oraingoa patxadatsuago hartu dut. Poz handia izan da, zalantzarik gabe, baina lasaitasun handiarekin hartua. Poz oso lasaia, irauten duen horietakoa, eta uste dut luze iraungo duela.

Poz patxadatsua amaieran. Baina saio guztia josi zenuen patxadaz eta erregular.

Bai, eta txapelketetan ez da ohikoa izaten ezaugarri hori nigan. Gorabeheratsua izaten naiz eta horrek ematen dit buruhauste eta amorru gehien. Txapelketan epaileak daude, puntuak daude, ondo egindakoak eta gaizki egindakoak baloratzen dira... eta oso garrantzitsua izaten da ahalik eta akats gutxien egitea. Aurten, alde horretatik pozik nago. Nire betiko joera irregular hori gainditu izana bada pozik egoteko beste arrazoi bat.

Saioa hasi eta bukatu Iñaki Viñasprerekin egin zenuen. Konplizitate handia sumatzen zen zuen artean.

Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Arabako bertsogintza gertu -gertutik ezagutzen dugu biok eta ikuskera eta filosofia berarekin bizi dugu bertsolaritza. Pertsona moduan oso desberdinak gara, baina gustatzen zaigun mundu hau bizitzeko oso modu berdintsua daukagu. Horregatik dugu konplizitate hori. Buruz burukora biok pasatu ginela jakitea poz handia izan zen, ze ni irregularra baldin banaiz, Iñaki ere horrelakoxea da. Horregatik asko poztu nintzen nigatik eta beragatik, eta pentsatu nuen behin horraino iritsita berak irabaztea ez litzaidakeela inportako. Gero pena handia izan zen berak bi poto egin izana. Txapela irabaztea poza da, baina horrelakoetan gustatzen zaizu ondo irabaztea, ez besteek akatsak egin dituztelako. Gainera, finalistak lotzen gaituen haria oso sendoa da, dena partekatzen da, ondo egindakoa eta gaizki egindakoa.

Azken kartzelakoan, amonak utzitako kutxa bati begira, gudaria izan zela deskubritu zenuen. Nola josi zenuen ideia?

Lehen kolpean etorri zitzaidan. Guri inguruan ez zaigu horrelakorik egokitu, baina iruditzen zait badela askotan aipatzen ez den gai bat, emakume gudariena. Gudari bat irudikatzen dugunean, gizon bat etortzen zaigu burura denoi, eta badakigu ez zirela gizonak bakarrik ibili gudan. Bide erakargarria zela iruditu zitzaidan, eta lehen ideia horri eutsi nion.

Txapelaren eskaintzan bertsoaren ekosistemak aipatu zenituen. Printzipalen ere ekosistema bat zegoela nabari zen.

Bai, zalantzarik gabe. Eta esango nuke bi urterik behin egiten den finala ekosistema horren erakusleihoa dela. Une honetan horri tiraka dabiltzanak gazteak dira. Arabako bertsolaritza oso gaztea da, nahiz eta adin guztietako jendea dabilen hor. Atzokoa barrutik ateratako aitortza bat izan zen; Arabako bertsolaritzan dabiltzan gazteek herri bat egitearen ideia oso presente daukate, eta euskara horretarako tresna gisa darabilte. Beharrezkoa iruditu zitzaidan txapela gazte horiei eskaintzea.

Tiraka ari dira eta burua agertzen. Atzo Xabi Igoa finalista izan zen.

Niretzat oso berezia izan zen, aramaioarra delako, elkarrekin aritu garelako eta oso gertukoa delako. Oso final ederra egin zuen, bera gustura zegoen, bai eta ni ere. Eta bai, belaunaldi aldaketa sumatzen da. Finalera Xabi iritsi da aurten, baina finalaren ateetan bertsolari gazte asko gelditu dira eta hori oso pozgarria eta osasungarria da.