Ariane KAMIO
DONOSTIA

Zinema areto txikienen iraupena bermatu nahian

Zineuskadi elkarte publikoak 160.000 euro bideratuko du zinema aretoei laguntzeko. Europako zinemari programazioetan %35eko tartea eskaintzea izango da baldintzetako bat. Estatu espainolean ildo horretan ematen den diru-laguntza publiko bakarra da.

Donostiako Trueba Zineman Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko aretoei zuzendutako jardunaldia antolatu zuen atzo Zineuskadi elkarte publikoak. Sektorearen balantzea egin eta Zineuskadik sustatzen dituen laguntza eta ekimenei buruzko informazioa ere zabaldu zen. Aurten 160.000 euroko diru-laguntza banatuko zaie zinema aretoei. «Diru-laguntza horiekin areto txikiei lagundu nahi zaie bereziki; hori dela-eta, diru-laguntza osoaren zati bat, 125.000 euro, gehienez hiru pantaila dituzten aretoei bideratuko zaie. Zailtasun handienak dituzten zinemek filmak proiektatzen jarraitu ahal izatea eta zinema herritarrei hurbiltzea dira helburuak», aipatu zuen atzo hedabideen aurrean Lakuako Kultura sustatzeko zuzendari eta Zineuskadiko lehendakari Clara Monterok.

Gainerako 25.000 euroak hiru pantaila baino gehiago dituzten zinema aretoek jasoko dituzte, eta 10.000 euro Zinema Euskaraz programako filmak eskaintzeko emango dira. Laguntzak jasotzeko, areto horietako programaren %35 zinema europarrari eskainia egon beharko da. «Harrigarria izan daiteke datu hori, gehienetan uste baitugu zinema eskaintzaren gehiengoa film komertzial edo estatubatuetarrera mugatzen dela, baina argi geratzen da ez dela horrela eta joera aldatzen ari dela», gaineratu zuen.

Krisialdia

Gaur egun Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian 66 zinema eta 177 pantaila daude, guztiak digitalizatuta. 2010ean egindako eraldaketa horrek krisialdiari aurre egiteko erraztasun gehiago eman dizkio sektoreari eta azken urteetan ez da apenas aretorik itxi. Publikoaren fideltasunaz ere mintzatu zen Montero. «Zinemaldiari esker publikoa eta zaletasuna sortzen joan dira eta azken urteetan ahalegin handiak egin dira krisiaren aurka. Eusko Jaurlaritzak digitalizazioan egin zuena izan daiteke bat, baina baita gizarte ehunak antolatzeko eta indarrak batzeko orduan egindakoa ere», nabarmendu zuen.

«Gure erronka sektorean laguntzea ahalbidetzen diguten harremanak egitea da. Zenbait ekimenen erdigunea gara, eta gure zinemei laguntzeko asmoa dugu», adierazi zuen.

Neurri zenbait ere abiatu dira zinemetarako jarioa handitu dadin. Monterok jakinarazi zuenez, EITBrekin hitzarmen bat sinatu da iragarki kanpaina martxan jartzeko. Prime timean, eguerdiko eta iluntzeko albistegien ondoren, asteko filmik garrantzitsuena aurkeztu eta promozionatzeko spotak eskainiko dira.

Horrez gain, Zinema Txartela ere indartuko da. 20 euroan bost sarrera erosteko aukera izango da, «ikusleak saritu eta zinemara joateari erraztasunak emateko».

2010az geroztik eskaintzen ditu Lakuako Gobernuak zinema aretoetara bideratutako diru-laguntzak, Estatu espainolean halako ekimena burutzen duen erkidego bakarra izanik. Aurrerantzean laguntzak mantenduko dituztela iragarri zuen Monterok.