GARA
BILBO

Uvescok 2016an fakturazioa %5 handitzea espero du eta denda berriak irekiko ditu

BM supermerkatu berriak zabalduko dituzte Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Errioxan. Era berean, azaroan abiarazi zuten webguneari bultzada emango diote, Internet bidezko erosketak sustatzeko asmoz.

Uvesco taldeak egin dituen aurreikuspenen arabera, 2016an bere fakturazioa %5 handituko da, 658 milioi eurora iritsi arte. 2015a %2,8ko igoerarekin itxi dute eta 627 milioi euro fakturatu dituzte. Era berean, Euskal Herrian eta Errioxan sei BM supermerkatu berri zabaltzea aurreikusten dute.

Jose Ramon Fernandez de Barrena taldeko zuzendari orokorrak 2015eko datuen berri eman zuen eta 2016rako aurreikusten dituzten pausoak aztertu zituen. «Badirudi susperraldi ekonomikoari buruz hitz egiten has gaitezkeela», aipatu zuen, bere ustez «kontsumoaren beherakada» amaitu egin delako.

Zentzu horretan azaldu zuen 2015ean aurreikuspen guztiak gainditu dituztela 627 milioi euro fakturatu dituztelako (aurreko urtean baino %2,8 gehiago) eta 221 lanpostu berri sortu dituztelako. Gainera, 25 milioi euro inbertitu dituzte etorkizunera begira. Proiektuen artean sei supermerkatu berri daude: Gipuzkoan hiru zabaldu nahi dituzte, Araban bat, Nafarroan beste bat eta Errioxan azkena. BM berri hauek egiten 23 milioi euro gastatuko dute.

Bestalde, aurten apustu handia egin nahi dute online bidezko erosketak sustatzeko. Pasa den azaroan www.bmsupermercados.es webgunea sortu zuten eta jada bertatik erosotasunez eros daitezke produktuak Gipuzkoan, Bizkaian eta Kantabrian. Otsailean zehar Nafarroara eta Arabara ere zabalduko dute zerbitzua. SuperAmara dendek ere, Uvesco taldeko partaide direnak, online denda martxan jarriko dute laster.

Honen helburua kontsumitzaileen kontsumo ohiturei erantzutea da.