Maider IANTZI
«MEMORIA ERAIKIZ» IKUSKIZUNA

INDARKERIA MATXISTETATIK ATERA DIREN EMAKUMEAK ADITU ETA SENTITZEKO BIDAIA

DONOSTIAKO EASO PLAZAN, IGLU MORE BATEAN, ZENTZUMEN ESPERIENTZIA BEREZI BAT BIZITZEKO AUKERA DAGO, «MEMORIA ERAIKIZ» IKUSKIZUNA. MUGARIK GABEK ETA HORTZMUGA TEATROAK PRESTATU DUTE ELKARREKIN, INDARKERIA MATXISTA MOTA DESBERDINAK JASAN ETA BIZIRIK ATERA DIREN MUNDUKO 28 EMAKUMEREN TESTIGANTZEKIN.

Horregatik, pase bakoitzean 28 lagun sar daitezke gehienez karpara. Kolektibo gisa zeharkatuko dute iglu moreko ate misteriotsua, baina norberak bere esperientzia biziko du barrenean emandako 35 minutuetan. «Ausartuko zara askotariko indarkeria matxistak jasan eta bizirik atera diren emakumeen ahotsak aditzera? Indarkeria horien aurkako memoria garatzera eta eraldaketa kolektibo baten parte izatera?». Gonbidapen hori egiten ari zaizkie Mugarik Gabeko eta Hortzmuga Teatroko lagunak Donostiako Easo plazatik igarotzen diren herritarrei, baita erakundeetako ordezkariei eta kazetarioi ere.

Ausartu ginen ostiralean, inaugurazio egunean, baina ezin dugu gauza handirik kontatu; sartu eta norberak bere esperientzia bizitzea baita ideia, tripetan sentitzea indarkeria sexistei aurre egin dioten munduko 28 emakume ausarten eguneroko emozio eta tentsioak.

Gaur hiru pase eginen dituzte (11.30ean, 12.15ean eta 13.15ean). Ikus-entzunezkoen, dantzaren eta antzerkiaren bidez, emakumeongana hurbiltzeko aukera emanen dute, ezagutu eta «gutariko bat» bezala hartzeko. Emakume guztioi gertatzen zaiguna –eta, beraz, jendarte osoari– gure memoria kolektiboan jasotzeko, berriz gerta ez dadin.

Ondotik, Portugaletera joanen dira heldu den astean, eta Gasteiz, Bilbo eta Durango izanen dituzte urte berriaren hasierako geltokiak.

Ikerketa batean oinarritua

“Asfalto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan” ikerketan bildutako 28 ahotsekin osatu dute Memoria Eraikiz ikuskizuna. El Salvador, Kolonbia, Guatemala, espainiar Estatua eta Euskal Herriko emakumeak dira, justizia eta bizitakoa ez errepikatzea lortzeko euren denbora eta historiaren parte bat elkarbanatu zutenak.

Eurekin konektatuz 35 minutuko bidaia egin eta gero, bakoitzari sabelean mugitu zaizkion sentimenduak partekatzeko biltzen dira partaideak igluaren ondoko karpa txikian. Honako hausnarketa proposatzen dute Mugarik Gabekoek: «Zer egiten dut nik, eta zer egiten ahal dut, indarkeria matxisten kontra?». Post-it-etan ideiak utz daitezke hormetan; mezu luzeagoak ere bai kartulinetan nahiz bideoa grabatuz, indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeei zein jendarteari zuzenduak.

Eraldatzea helburu

Mugarik Gabe garapenerako lankidetzako gobernuz kanpoko erakundeko Joana Etxano eta Lidia Ruizek eta Hortzmuga Teatroko Nerea Lorentek azaldu dutenez, erronka nagusia ez da historia eta ekintza zehatzak kontatzea, baizik eta jendeak emakumeokin enpatizatzea. Hurbileko kasuak dira, emakume pila batek bizi dituztenak. «Xedea horiek ezagutu, irauli eta gu geu eraldatzea da».

Lorentek agertu du kasik 30 urte daramatela kale antzerkian eta emakume ausart horien emozioak transmititzen saiatu direla. Aktoreek ematen diete ahotsa testigantzei. Horien bidez, indarkeriak emakumeon bizitzan zein eragin izan duen eta horri nola aurre egin dioten ikusten dugu. Beraien inguruarengandik eta jendartearengandik zer espero duten ere bai.

Euretako aunitz bat datoz kontatzea bera osasungarria eta sendagarria dela baieztatzean. Lekukotasunak aditzeak emakumeen gorputzen kontra talka egiten duten indarkeria matxista ugarien laztasunera hurbiltzen gaitu, inpaktu horretara. Era berean, emakume borrokalari horiek martxan jartzen dituzten estrategiak ezagutzen ditugu. Sarri emakume eta antolakunde feministek laguntzen diete bidean. Emakume aktibo nola bihurtzen diren konturatzen gara. Mugarik Gabek aldarrikatzen duenez, nahitaezkoa da ahotsok gure memoria kolektiboan txertatzea, hala imajinario soziala aldatzeko.