GARA
BILBO

Euskara Wikipediako hizkuntzen 29. postuan kokatu da

Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu eta iaz 30 milioi bisita izan zituen, 2017an baino 5 milioi gehiago. Ikasleek 800 artikulu berri sortu dituzte eta beste 1.200 inguru hobetu dituzte. Horrela, ikasleei zuzendutako kalitatezko 1.000 artikuluen erronka gainditu dute.

Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur egun eta iaz 30 milioi bisita izan zituen, 2017an baino 5 milioi gehiago. Modu honetan, artikulu kopuruari dagokionez, Euskarazko Wikipedia 29. postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik (duela bi urte 31. postuan zegoen).

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, Euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordioaren arabera, Lakuak 200.000 euro inbertituko zituen, urtero, hiru urteko proiektuan. Momentuz emaitza «nabarmenak» lortzen ari direla jakinarazi zuten atzo Bilbon egin zuten agerraldian.

«Ingurune digitala eremu estrategikoa da euskararentzat, eta Euskarazko Wikipediaren inguruan bultzatzen ari garen elkarlana eredugarria gertatzen ari da. Artikulu kopuruari eta horien kalitateari erreparatuz, Euskarazko Wikipediak prestigioa irabazi du eta oso posizio onean kokatu da. Eta horri esker milaka bisitari ditu egunero. Hori zen lankidetza honen helburua: kalitatezko eduki digitalak euskaraz ere eskaini ahal izatea», nabarmendu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Lankidetzan 12-16 urte bitarteko ikasleentzat lagungarriak izan daitezkeen kalitatezko 1.000 artikulu egitea adostu zuten. «Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela. Arloz arlo artikulurik garrantzitsuenak zehazteari ekin genion. 1.700 artikulu atera zitzaizkigun lehen zerrenda batean eta orain darabilgun zerrendan 1.900 ditugu», azaldu zuen Euskal Wikilarien Elkarteko kide Edurne Agirrek.

Izan ere, proiektuaren baitan unibertsitateko 2.200 ikasle eta batxilergoko 300 ikasle aritu dira artikulu berriak sortzen eta zaharrak hobetzen. Guztira 800 berri sortu eta 1.200 hobetu dituzte.

Haurrei zuzendutako Txikipedia ere bere bidea egiten hasi da. Duela urte batzuk Vikidia euskaraz sortu zuten, baina bertan zeuden artikuluak laburrak eta kalitate eskasekoak ziren. Bisita gutxi jasotzen zituen, gainera, difusiorik ez zuelako, eta horregatik Txikipediara pasatzea erabaki zuten 2018ko udaberrian. Atari berria arrakasta handia izaten ari da ikastetxeen laguntzari esker (2.000 artikulu inguru ditu dagoeneko).