2019/08/09

2.500 greba eta milioi bat lanegun borrokan; EAEko hamar urteotako balantzea

Lanuzteak egin dituzten langile gehienak (%88,5) zerbitzuetakoak izan dira. Sektore horretakoak dira 2018an grebek eragindako lanegunen %74,4, Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera.

GARA|BILBO
0809_eko_greba

Azken hamarkadan 2.508 greba egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek. Greba horiek milioi bat lanegunetan izan dute eragina. 292.177 langilek parte hartu dute protesta horietan, 2009 eta 2018 bitartean, Europa Pressek jaso dituen Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera.

Joan den urtean 264 greba erregistratu ziren EAEn. Horietan 48.696 langilek parte hartu zuten. 110.838 lanegunetan egin zuten protesta. 2017arekin alderatuta, %23,4 igo zen greba kopurua eta %14,9, borrokan emandako lanegunen zenbatekoa. Parte-hartzaile kopurua, aldiz, %18,2 jaitsi zen. 59.505 grebalari izan ziren 2017an.

Etengabe gora

2017tik 2018ra lan gatazka horietan borrokan ibilitako langile kopurua txikitu arren, azken 12 urteetan erregistratutako bigarren zenbatekorik altuena da 2018koa. Grebek eragindako lanegunak ere gora doaz 2014tik, nahiz eta krisi garaiko urte batzuetako balioetara ez iritsi (126.184 greba egun 2009an eta 179.519, 2010ean).

Aurreko urteetan gertatu zen gisan, 2018ko greba gehienak enpresa pribatuetan egin ziren (88.124 greba egun). Halere, 2017arekin konparatuz %71,6 egin zuten gora sektore publikoko greba egunek (22.714 izan ziren).

Itunpeko hezkuntzan, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko jo dute langileek grebara; sare publikoan, inbertsioa handitzeko eta langile gehiago kontratatzeko. Neurri txikiagoan, baina nabarmentzekoak dira Bizkaiko bulegoetako lan gatazkak ere.

Aurreko urteetan bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan gatazken arrazoi nagusia negoziazio kolektiboa da, Lan Harremanen Kontseiluaren datuek diotenez. Zehazki, 2018an greben %60,2ren motiboa izan zen. 35.000 langilek parte hartu zuten protesta horietan eta 103.050 greba egun egin zituzten orotara.

Joan den urtean erregistratutako greben %70,1 zerbitzuetan egin ziren. Grebalarien %88,5 eta greba egunen %74,4 sektore horretakoak izan ziren.

Jarraian dator industria (greben %28,8rekin eta grebalarien %11,8rekin). Eraikuntzan greba gutxi egin ziren eta bakar bat ere ez, Lehen Sektorean.