GARA
BAIONA
EUSKARAZ IKASTEAREN ALDEKO BORROKA

Baxoa euskaraz egitea ekintza «politikoa» dela diote zuzentzaileek

Ekainaren 17an baxoa euskaraz egin zuten Bernat Etxepareko ikasle gehienei Filosofiako azterketa suspenditu diete. 40 ziren. Zuzentzaileek ikasleen ekintzak «izaera politikoa eta aldarrikatzailea» duela gaitzetsi dute emaitzen orrialdeetako oharretan. Izan da salbuespen bat, ordea: euskaraz egindako azterketetako bat gainditutzat jo dute.

Baxoko Filosofiako azterketa euskaraz egin zuten Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 ikaslek pasa den ekainaren 17an. Ikasle bakoitzak «euskaraz ikasteko nahia» azaldu zuen frantsesez azterketaren lehen atalean, baina gainontzeko ataletan euskaraz erantzun zuen. Desobedientzia ekintza egin aitzin egin zuten prentsaurrekoan azterketak ez gainditzeko arriskuaz ohartarazi zuten ikasleek, horren jakitun zirela; eta horrela izan da, nahiz eta gutxienez salbuespen bat ere izan den.

Zuzentzaileek ia azterketa guztiak suspenditu dituzte eta haien oharretan euskararen aldarriak duen «izaera politikoa» gaitzetsi dute. Ordea, izan da azterketa zuzendu dioten ikasle bat eta proba gainditzea lortu du, 20tik 12 punturekin.

Ez dago jakiterik zuzentzailea euskalduna den edo azterketa zuzentzerakoan zer eta nola egin duen, baina kontua da gutxienez ikasleetako batek euskaraz egin arren proba gainditu ahal izan duela.

Emaitza onena: 6koa... 20tik

Euskarazko azterketa zuzendu duen irakasle horrek honako oharra egin du: «Proposamen koherentea. Arrazoinamendu eraikia, egindako baieztapenak justifikatuak dira eta gaiari erantzuten diote».

Uztailaren 26an, astelehenarekin, jaso zituzten emaitzak Bernat Etxepare lizeoko ikasleek eta Filosofiako azterketa gehienek ez dutela gainditu jakin zuten, euskaraz idatzi zutena ez baitiete zuzendu. Azterketa euskaraz egin zutenen artean, gehienez 20 puntu jaso daitekeen proban emaitza hoberena 6 puntukoa izan da. Horrez gain, emaitzak esku artean hartuta, zuzentzaileek egindako oharretan euskaraz erantzuteak duen «izaera politikoa» gaitzesten dutela ikus daiteke.

Ikasleek Kazeta.eus atariari helarazi dizkieten kopietan irakur daitekeenez, zuzentzaileek emaitzen orrialdearen azpialdean oharrak idatzi dituzte. Ohar guztiak ez dira berdinak, baina guztiek antzeko kexa agertzen dute, ekintzaren «izaera politiko eta aldarrikatzailea» gaitzesten dutelako.

«Euskaraz egindako kopia, argi eta garbi arrazoi militanteengatik. Oinarrizko arauak ez dira errespetatuak eta kopia ezin da balioetsi bere edukian, justu zigortua azterketa nazional baten ikuspuntutik», agertzen da ikasle baten emaitzetan idatzitako oharrean. Haserre nabaria.

Beste batean gisa bereko aipamenak egiten dituzte zuzentzaileek: «Kopia euskaraz idatzia da. Soilik sarrera izan da frantsesez idatzia. Sarrera honek eta aldarrikapen batek ez diete erantzuten idazlanaren eskakizun metodologikoei (gaiaren analisirik eza)».

Itzulpena eskatu zuen batek?

«Nota sarrerari dagokio, soilik hori izan delako frantsesez idatzia. Garapena euskaraz dago. Nozioen analisiek zorroztasun eskasa dute. Sarreraren bukaera aldarrikapen bat da», dio hirugarren ikasle bati helarazi dioten emaitzen kopiak.

Zuzentzaileetako batek azterketako erantzuna frantsesera itzultzeko eskaera egin zuela iradokitzen duen ohar bat ere badago. «Eskaturiko itzulpena jaso gabe, nik ezin dut 5/20 gainetik igo», nabarmentzen du ikasleari 5 puntu eman dizkion zuzentzailearen oharrak.

Filosofiako azterketa euskaraz egiteko urratsa iragarri zutenean azterketak zuzenduak ez izateko arriskua beren gain hartu zuten Bernat Etxepareko ikasleek, baina Filosofiako azterketa suspenditu arren baxoa bere osotasunean gainditua dute ikasle guztiek.