Bizitzaren bidegurutzeak oinarri sortu dute «Bihotza kate» albuma
Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Peru Abarka lehiaketa irabazi dute Xabi Payak eta Iker Oruetak, eta elkarrekin «Bihotza kate» album ilustratua argitaratzea da saria. Payak bere ama Carmenen eta aitona Fidelen istorioa kontatzen du labur, fikzionatuta, eta Oruetak hitz horien inguruan ilustrazioak sortu ditu, istorioari bere ekarpena egiteko baina ipuinak dioena aldatu gabe. Antzerkia izan da bien elkargunea.

Xabi Payaren familiak harremana du arte eszenikoekin, eta askotan galdetzen omen diote nolatan dauden denak eszenatokietara hain lotuta. Berak dio ez dela kasualitatea, ama Carmenek, nolabait, arrasto hori utzi baitzuen seme-alabengan.
Bere amak, aitona Fidelek nahi bezala, enpresa arloko ikasketak hasi zituen, baina antzerkia zuen pasio. Halako batean izan zuen aukera Madrilera joan eta mundu horretan ibilbide bat hasteko, izen handien ondoan.
Baina bizitzan aukeratu egin behar da, bidegurutzeetan nondik joango garen erabakitzeko, eta Xabi Payaren amak enpresa eta antzerkia alde batera utzi eta hirugarren bide bati ekin zion, amets batzuei uko eginez eta beste batzuk sortuz.
Amaren amets zaharrek, berriz, badute oraindik pisua –Xabi, Fredi eta Itxaso, hirurak dira bertsolariak, beste gauza askoren artean–. Amari eta hark hartu behar izandako erabakiei omenaldia egin die Payak “Bihotza kate” (Erein) liburuan.
Testua idatzi eta Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Peru Abarka sariketara aurkeztu zuen. «Lehen aldia da idazle adjektiboa onartuko dudana. Itzulpenak eta gidoiak egin ditut, Maurizia pandero-jotzailearen biografia kaleratu dut anaiarekin batera, baina sekula ez dut idatzi; liburu artefaktuari errespetua diot», aitortu zuen Payak atzo, Donostian egin zuten aurkezpenean.
Testua idazteko amarekin hiru urtez jardun da lanean, haren bizitzari buruzko gauzak galdetuz. Aitona Fideli buruz ere galdetu zion. «Gure aitonak bihotzeko gaitza zuela-eta ezin zuen eztabaidatu, eta idazmakinaz idazten zituen errietak, gero eskuz emateko. Gutun horiek ere baditut», azaldu zuen idazleak.
Pasadizo horiek guztiak bildu, txukundu, laburtu eta fikzionatu ostean, lehenbailehen zabaldu nahi zituen, bere amak horretaz goza dezan.
Metanarratiba
Epaimahaiak 21 lanen artean Payarena hautatu ondoren, album ilustratua osatzeko marrazkigilea bilatzeko unea zen. Hiru besterik ez ziren aurkeztu edizio honetara (60tik gora ere izan dira beste urte batzuetan), baina Iker Oruetaren proposamenak bete-betean asmatu zuen.
Izan ere, antzoki batean kokatu zituen protagonistak, fikzionatuz eta labur-labur kontatzen den istorioa antzezlan bat izango balitz bezala. «Nik antzerkiarena ez nuen testuan irudikatu, baina ez nukeen modu hobeagorik aurkituko hori islatzeko», aipatu zuen Payak Oruetaren lana goraipatuz.
Ilustratzaileak, berriz, esan zuen «testua nahiko egonkorra» zela eta irudigile gisa ez zuela horren zentzua aldatu nahi. «Erronka izan da testuaren inguruan nire ekarpena eraikitzea, ez gainean. Paraleloan eraiki dut marrazkiekin, testuaren zentzua aldatu gabe», argitu zuen.
Aipatu zuenez, testuaren lehen irakurketa irudien bila egin zuen, eta segituan etorri zitzaion burura antzerkiaren mundua. Horregatik, bi elementuek, testuak eta irudiek, «metanarratibarako» ematen dituzten aukerak aprobetxatuz, irakurleak bere interpretazioa egitea nahi zuen.
Ondorioa “Bihotza kate” da, bizitzari buruzko kontakizuna, guztiok egunero egin behar ditugulako hautuak, eta horiek gure etorkizuna eta ondorengoena markatzen dutelako. Istorio zehatz batetik jaio zena unibertsala den ipuin bilakatu da.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
