GAUR8

«Eskailerapeko», Karmele Jaiok itxialdian jositako fabula

«Zirriborroak eta gero. Kontakizunak eta fabulak mundu posibleei buruz» izeneko proiektuak idazle ezagunak gonbidatzen ditu etorkizuna irudikatzera. Bilduma horren hirugarren alea da Karmele Jaiorena.

Raisa Alavaren ilustrazioa
Raisa Alavaren ilustrazioa

“Zirriborroak eta gero. Kontakizunak eta fabulak mundu posibleei buruz” proiektuaren baitan argitaratutako hirugarren alea da Karmele Jaioren “Eskailerapeko” sorkuntza. Proiektu honek idazle ezberdinak gonbidatzen ditu etorkizuna irudikatzera: nolakoa izango litzateke geure bizitza, Arabako pertsona, kolektibo edota enpresa jakin batzuk erronka ekologiko, ekonomiko, kultural, sozial eta abarrei erantzuteko proposatzen dituzten alternatibak hedatuko balira?

Arabari eskainitako bildumaren fabula berri honetan, Karmele Jaio Covid-19 gaitzan aktibatutako zaintza-sareetatik abiatzen da, bere egunerokotasuna auzo-harreman eta zaintzen inguruan oinarritzen duen etorkizuneko eraikin bat irudikatzeko. Hartara, pandemia baino lehen jada arriskuan zegoen gizatalde baten istorioa da, artilea lehentasunezko produktu bihurtu zeneko istorioa. «Maitasun istorio bat», egilearen hitzetan. 

Konfinamendu betean sortua

Jaiok konfinamendu betean sortu du fabula, eta dioenez, «ez da erraza izan idaztea, distopia baten erdian utopia bat sortzea zaila delako, eta fikzioa idaztea ere zaila delako hura gainditzen duen errealitate batean murgilduta egonda». Idazleak bizitza errealean gertatzen diren gauza oso zehatzei buruz hitz egin nahi izan du ipuin honetan eta horrela eman die bizia Cristina eta Ainhoa protagonistei, bigarren pisutik bizilagun guztiak mugiarazten dituztenak Jesusari, 3. pisuko bizilagunari, laguntzen saiatzeko. «Fikzioan esaten da pertsonaia bat ezagutzeko mugako egoera batera eraman behar dela eta egoera horretan zer egiten duen ikusita agerian geratzen dela benetan nolakoa den. Uste dut gure gizarteari antzeko zerbait gertatu zaiola krisi honekin. Biluzik ikusi dugu, eta biluztasun horretan ikusi dugu gure hauskortasuna: zein dependienteak garen, zein garrantzitsuak diren zaintzak, eta hala izan arren, nola zaintza horiei ez diegun ia jaramonik egiten», dio Jaiok. «Birusa iritsi aurretik jada gaixo zen gizarte batean bizi ginen. Fabulan gaixotasun horietako batzuk ikusarazi nahi izan ditut», ondorioztatu du.

Ilustrazioak Raisa Álavak egin ditu.