GAUR8

Donostiatik Pasaiara Lucretia belaontzi klasikoan, Albaola itsas faktoriara bisita barne

Uztaila eta abuztuko ostegunetan eskaintza berezia prestatu dute, bi orduko bidaia itsas kostaldeaz gozatzeko eta itsas ondarearen berri lehen eskutik jasotzeko.

Lucretia belaontzi klasikoa.
Lucretia belaontzi klasikoa.

Aurtengo uda berezi doa zalantzarik gabe. Osasun krisialdiak eta babes neurriek markatutako sasoia gertatzen ari da eta urrutira gabe eskaintza interesgarriak josten ari dira han eta hemen. Testuinguru horretan, Donostiatik Pasaiara joateko zerbitzua eskainiko dute Albaola Itsas Faktoriatik, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean.

Antolatzaileen hitzetan, «plan hau ez da itsasontzian bidaia bat bakarrik: gure kostaldeaz gozatzeko eta itsas ondarean murgiltzeko aukera paregabea da». Bidaia ez da edonolako itsasontzian egiten, Lucretia belaontzi klasikoan baizik; 1927an teka, haritz eta kaoba egurrez eraikitako belaontzi holandarra hain zuzen. «Gure itsasoan dabilen belaontzi zaharrenetarikoa izanik, esperientzia ahaztezina eskaintzen du 19,3 metroko luzera eta 180m2-tik gorako bela-azalera duen altxor honek», nabarmendu dute.

Uztaila eta abuztuko ostegunak

Eskaintza uztaileko eta abuztuko ostegunetan izango da. Donostiako moilatik irten eta bi orduko bidaia. «Gure kostaldeko paraje ederrenetarikoak kontenplatzeko aukera izango dugu, itsasoak ematen duen ikuspegi berezitik: Kontxako badia, Ulia mendiko itsaslabarrak eta Pasaiako badiaren sarrera ikusgarria, besteak beste. Bitartean, ingurua ezagutzeko eta belaontziaren nabigazio-teknikak ulertzeko azalpenak emango dizkigute», esan dute bultzatzaileek.

Behin Pasaiara iritsita, Albaola Itsas Faktoria bisitatzeko modua izango da. Belaontziak faktoriaren sarreran bertan utziko ditu bisitariak eta Albaolan Euskal Herriko itsas-historia berezia ezagutzeaz gain, San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Albaolako bisita amaituta, motora zerbitzua erabiliko dute bisitariek Pasaiara heltzeko, bidearen zati bat itxita baitago. Motorak Trintxerpen ala Pasai San Pedron utziko ditu bidaian parte hartzen dutenak.

Itsasontziaren gehienezko edukiera hamabi pertsonakoa da eta informazio gehiago eskura daiteke  www.sansebastianreservas.com helbidean edota honako telefonoetan: 943 415 151 / 943 415 153