GAUR8

Umore bakarrizketak eta jolasen bertso saioa bihar Donostian, Euskaraldirako motorrak berotzen

Euskaraldiaren edizio berri baten atarian, hausnarketarako motorrak berotzeko emanaldi bi antolatu dituzte Lanku Kultur Zerbitzuek eta Euskaltzaleen Topaguneak: «Txor txor umore bakarrizketak» eta «…Nahi dugu hitz eta jolas bertso saio tematikoak». Donostian izango dute estreinaldia bihar, Larrotxenen, 19.00etan.

Oihana Bartra saio tematikoetan parte hartuko duen bertsolarietako bat da. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Oihana Bartra saio tematikoetan parte hartuko duen bertsolarietako bat da. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lanku Kultur Zerbitzuen eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko lankidetzak antolatuta, emanaldi bi helduko dira herrietara azaroaren bukaeran abiatuko den Euskaraldiaren edizio berriari begira motorrak berotzeko.

Hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa bultzatzea dute helburua. Ildo horretan, «euskaldunok eguneroko egoeretan euskararekiko ditugun harremanei buruzko gogoeta» egingo dute Beatriz Egizabalek, Nerea Arriolak eta Xabi Arteidak “Txor txor bakarrizketetan”.

Horren ondoan, “…Nahi dugu hitz eta jolas bertso saio tematikoak” antolatu dituzte. Kasu honetan, Sustrai Colina, Jone Uria, Oihana Bartra eta Julio Soto bertsolariek «euskarak gure bizitza nola zeharkatzen duen» landuko dute, antolatzaileek aurreratutakoaren arabera.

Emanaldi biak «Euskaraldiaren testuinguruan sortutako saioak» direla argitu dute. Horregatik, euskara hutsean izango dira eta «16 urtetik gorako eta euskara ulertzen duten herritarrei zuzenduta» daude.

Proposamen hauekin, «Ahobizi eta Belarriprest rolak eta hauek adierazten dituzten portaerak» gizarteratu nahi dituzte, hizkuntza-ohituren gaineko gogoeta bultzatu, Euskaraldiaren esperientziarako prestatu eta «inertziak apurtzeko» aukera dagoela nabarmendu.

Lehen emanaldia Donostian izango da bihar, Larrotxene kultur etxean, 19.00etan, Bagera Euskara Elkartearen eskutik, eta Nerea Arriolak emango dio hasiera.

Emanaldi gehiago

Argitu dutenez, bakarrizketak edota bertso-saioak antolatu nahi dituztenek marketina@lanku.eus helbidera idatzi behar dute eskaria egiteko.

Bakarrizketen emanaldi ugarik hitzorduak finkatuta ditzute jada. Biharko Donostiakoaren ondoren, Etxarri Aranatzen (hilaren 18an), Arrasaten (25ean) edota Espartzan (Urriaren 3an) izango dira hurrenak.

Bertso saioaren kasuan, oraingoz bi emanaldi daude lotuta Pasaian, azaroaren 22 eta 23rako.