GAUR8

Elikadura txarrarekin, covid-19aren aurrean kalteberago

EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileek elikadurak covid-19aren sorreran eta bilakaeran duen garrantziaz ohartarazi dute. Jakinarazi dutenez, ospitaleratuta dauden pazienteen kasuan, gero eta aditu gehiagok adierazten dute «nutrizio protokolo espezifikoak» behar dituztela.

Milton, Puy eta Fernandez-Quintela ikertzaileak. (EHU)
Milton, Puy eta Fernandez-Quintela ikertzaileak. (EHU)

Covid-19a duten pazienteei egindako azterketetan ikertzaileek ikusi dute «nutrizio egoerak berebiziko garrantzia» duela gaixotasunaren sorreran eta bilakaeran. Zehazten dutenez, «desnutrizioa, kalorikoa edo proteikoa, covid-19aren arrisku faktoreetako bat da eta hainbat mailatan eragiten du».

Horren ondorioz, sistema inmuneak ez du egoki funtzionatzen eta gaixotzeko aukera handiagoa da. Horrekin batera, desnutrizioak gaixotasun koadro larriagoak eragin ditzakeela eta pazienteak nekezago oneratzen direla ikusi dela nabarmendu dute.

Informazioa Iñaki Milton Laskibar, Alfredo Fernandez-Quintela eta Maria Puy Portillo EHUko ikertzaileek zabaldu dute eta gaiaren gaineko artikulua “The Conversation” argitalpenean aurki daiteke.

Beste gertaera bat planteatzen dute. Azaldu dutenez, «ospitaleratze luzeetan pazienteak mugikortasuna murriztuta duelako edo arnasketa lagundua behar duelako, muskulu masa galtzen da eta horrek desnutrizioa larriagotu dezake». «Ezin dugu ahaztu, gainera, pertsona adintsuetan ohikoagoa izaten dela desnutrizioa, eta kolektibo horrek besteek baino gehiago nozitu dituela pandemiaren ondorioak», zehaztu dute.

Nutrizio protokoloak

Ikertzaileek nabarmentzen dute gero eta aditu gehiagok nutrizio protokolo espezifikoen beharra defendatzen dutela Covid-19arekin ospitaleratuta dauden pazienteen kasuan. «Frogen arabera, pazientearen egoera nutrizionala garaiz baloratuz gero, plan pertsonalizatu bat diseinatu» ahalko litzatekeela uste dute, «paziente horren energia eta mantenugai beharrak asetzen laguntzeko».

Ospitaleratzea behar ez duten pertsonen kasuan, dieta orekatua eta bizimodu aktibo ea osasungarria gomendatzen dituzte.

Nutrizio txarra ez da, hala ere, desnutriziora mugatzen, eta horregatik ohartarazi dute ikertzaileek obesitateak eta dieta eredu desegokiek covid-19arekin izan dezaketen eragin negatiboaren inguruan.