GAUR8

Kirol federazioetan berdintasun planak lantzeko ikastaroa, EKFBk bultzatuta

Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) astelehen honetan eta ostegunean sareko ikastaro bat antolatu du, kirol erakundeetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planak lantzen ikasteko. Genero ikuspegia kudeaketan eta jarduera guztietan txertatzea da asmoa.

Sokatira lehiaketa, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA)
Sokatira lehiaketa, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA)

Kirol ezberdinetako federazioak biltzen dituen erakundeak azaldu duenez, berdintasuna lantzea helburu duen saio berriarekin «kudeaketan eta jarduera guztietan genero ikuspegia hobeto txertatzea» bilatzen dute.

Iragarritakoaren arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko sareko prestakuntzako jardunaldiak bi taldetan egingo dira. Lehenengoa astelehen honetan burutu da, goizeko ordutegian. Bestea ostegunean izango da, arratsaldez, 18.30etik 20.30era.

Azken saio hauek online ikastaroetako hirugarrenak dira, eta “Emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak egitea euskal federazioetan” izenburua dute. Deialdian izena emateko leihoa zabaldu dute web orrian, parte hartu nahi dutenek zehaztutako posta elektronikora mezua bidal dezaten.

200.00 kirolari baino gehiago

Euskal kirol federazioak biltzen dituen EKFBk 200.000 kirolari baino gehiago ordezkatzen ditu, Interneteko atarian zehazten duenez.

«Euskal kirola, oro har, eta federatua, bereziki, garatzea» eta euskal selekzioak bultzatzea helburu dituen EKFBk Berdintasun Zerbitzua du martxan, eta arlo horretan antolatutako ekimenen bidez «genero ikuspegia kudeaketan eta jarduera guztietan sartzea hobetu» nahi du.

Erakundeak «euskal kirol federazioetan genero ikuspuntua integratzeko gida» ere badu.