GAUR8

Durangok Andra Mari elizpeko martxanterak omenduko ditu

Durangoko Udalak Andra Mari elizpean jartzen ziren martxanterei omenaldia egingo die igande honetan. Ohar batean azaldu duenez, elizaren atarian jartzen ziren emakume kale saltzaileak ziren, «durangar belaunaldi ezberdin artean oso maitatuak izan zirenak».

Durangoko Andra Mariko elizpea, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Durangoko Andra Mariko elizpea, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Igande honetan, urte askotan Andra Mari Elizako arkupean saltzaile ibilitako figura ezagunak omenduko ditu Durangoko Udalak. Durangoko martxanterak kale saltzaileak ziren, goxokiak eta jostailu txikiak saltzen zituztenak.

Udal gobernuak nabarmendu duenez, belaunaldi ezberdinen artean «oso maitatuak» izan ziren.

Omenaldi ekitaldia igande honetan ospatuko da, 13.00etatik aurrera. Bertan, xafla baten gainean egindako Boni Macarron martxanteraren irudiaren margolana aurkeztuko dute, elizpean jarrita geratuko dena. Boni Macarron elizpean saltokia zabalik mantendu zuen azken martxantera izan zen.

Urteak eman zituen elizpean goxokien postuan, batzuetan hamar ordutako lanaldiak egiten. Ekitaldian udal ordezkariekin batera Macarronen senideak ere egongo direla aurreratu dute.

«Ikur bat»

Martxenteren figuraren inguruan, udal gobernuko iturriek azpimarratu dute durangar askorentzat «ikur» izan direla. «Gure oroimen kolektiboaren parte dira», azaldu zuten duela hilabete batzuk omenaldiaren proiektua azaltzean.

Ez da, gainera, egitasmo berri bat. Aurreko legealdian, opsizioan zegoen EH Bilduk «askotan baldintza gogorretan» egungo Durango egiten lagundu duten «klase herrikoiko emakume langile» horien lana balioan jartzeko mozioa aurkeztu zuen.