Joxean Agirre

Ahots goraz

Bilboko Arriagan ahots goraz egin ohi den euskal klasiko baten irakurketa egileari (aurten Saizarbitoriari) gorazarre egiteko antolatzen da, baina bidenabar orain gutxi arte horrelaxe irakurtzen zela gogoratzeko ere balio digu.

Diotenez, XVI. menderako aristokrazia kultua hasita zegoen isilka irakurtzen eta ohitura hori inprentaren asmakizuna bezain garrantzitsua izan zela nabarmentzen dute, kontzientzia indibiduala sortzen lagundu zuelako, ekintza gutxi baitira irakurketa isila bezain intimoak eta askatzaileak, baina herritar xeheek, irakurtzen zekitenek noski, ahots goraz irakurtzen jarraitu dute oraintsu arte.

Norbaiti entzuten diodanean bere aitonak igandeetako egunkaria familia osoarentzat irakurtzen zuela, pentsatu ohi dut isilka irakurtzen ez zekielako zela. Gure amak berak ere, ez nago seguru, baina uste dut ezpainak mugituz irakurtzen zituela anaia zaharrenak soldaduskan zegoela Chafarinas uharteetatik bidaltzen zituen gutunak.

Ahots goraz irakurtzen onenak politikariak dira. Nazioarteko goi bilera batera aholkulariek idatzitako testuarekin joatea normala da, baina Legebiltzarreko eztabaida batean paperekoa irakurriz erantzutea ez dirudi onargarria denik, baina egiten dute.

Ahots goraz irakurtzen famatuena Alberto Manguel idazlea izango da, gaztetan entzule pribilegiatua izan zuelako, itsutzen hasita zegoen Jorge Luis Borges alegia. Nik ez nuen hain entzule famaturik izan, baina hiru bat nobela irakurri nizkion uda batez aitonari nerabea nintzela baserriko sukaldean, tartean “Uztaro” izeneko lan kostunbrista bat, Tomas Agirre Barrensorok 1937. urtean idatzia. Gerraurreko pizkundean eragile saiatua izan zen errezildar (Maria Dolores Agirreren anaia zen nonbait) horren berri gelditu da bazterretan, baina nobela bera desagertu egin dela esango nuke. Batzuetan pentsatzen dut aitona eta biok izan ginela “Uztaro” azkena irakurri genuenak.

Nik ez dut ahots goraz irakurtzen, baina gero eta gehiagotan sumatzen naiz ezpainak mugituz neure buruarekin hizketan, ahots goraz pentsatzen hastekotan banengo bezala, eta horrek kezkatu egiten nau. •