Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
UEU-K 50 urte

Euskal Unibertsitatearen katedrala eskaileraz eskailera eraikitzen

UEU atxikimendu handia sortzen duen proiektua da, hagitz sare leiala, egonkorra du, bihotza mugitzen duena, eta mende erdi betetzen duen honetan izaten ari den feedbacka ederra izaten ari da, ilusio handia sortzen ari da. Jendartean eragiteko giro ona izatea garrantzitsua dela badakite eta karta onak dauzkate.

Ane Sarasua eta Kepa Sarasola, UEUko idazkari nagusia eta zuzendaria, hurrenez hurren
Ane Sarasua eta Kepa Sarasola, UEUko idazkari nagusia eta zuzendaria, hurrenez hurren (Maialen ANDRES | FOKU)

50. urteurrenerako hiru xede jarri ditu UEUk: ospatzea; hobeki komunikatzea jendartea hobeki ohartzeko egiten duten guztiaz, aliantzak, babesa eta baliabideak lortzea; eta bazkideak mimatu, omendu, saritu eta berriak lortzea. Hor sartzen da bazkidetze kanpaina.

Ekitaldien artean, UEU perfumea aurkeztuko dute, Kimika sailaren ekimenez, Euskal Herriaren usaina bilatzen duena. Literatura sailak ipuin bilduma bat argitaratuko du, “Jakin” aldizkariko ale berezi bat prestatuko dute euskal unibertsitateaz, UEU festak ere egin dituzte tokian tokiko ikerlari gazteekin...

Gainera, 22 jardunaldi-topaketa prestatu dituzte udarako. Adibidez, uztailaren 1ean adimen artifiziala landuko dute Donostian, bi ikuspegitatik: filosofoena eta informatikariena. Bakoitzak bere aldetik saio bana egin eta gero elkartu eginen dira.

UEUren ezaugarri garrantzitsu bat izan da hori, jendartean dauden gaiak jorratzea unibertsitateko forotik, Ane Sarasua idazkari nagusiak eta Kepa Sarasola zuzendariak azpimarratu dutenez.

Beste kasu bat da lurralde antolaketaren jardunaldia, Kontseiluarekin batera eginen dutena. Demagun Baztanen etxebizitza pila bat eraiki nahi dituztela, nola eraginen du euskararen erabileran? Arkitektura, zuzenbidea, soziologia... Hainbat alorretako adituek dute hor zeresana.

Elhuyarrek eta Elkarrek ere 50 urte beteko dituzte eta zientziari buruz ariko dira batekin eta euskal curriculumaz bertzearekin. «Oso prezio sinbolikoa jarri dugu, 10 eurokoa, jendea erakartzea nahi dugulako. Proiektua oso irekia da, oinarri sozial handia dauka eta nahi duguna da partaidetza sustatzea.

«Toki askotan egingo ditugu jardunaldiak. Iruñean hasiko gara ekainaren 27an, Donostian eta Bilbon ere egongo gara, Eibarren ibiliko gara, Usurbilen, Baionan...».

“ElkarEkin” hartu dute lelotzat, Korrika eta Euskaraldiaren ildo beretik. Azalpena hagitz erraza da Sarasolarentzat: «Elkarren beharra daukagu». ElkarEkin traola gutxienez orain dela hiru urtetik hasi ziren erabiltzen. Urteurrenaren plangintza ordutik diseinatzen ari dira, galdera baten bueltan: «Zer-nolako etorkizuneko unibertsitatea irudikatzen dugu?».

Sorrera

Amaieratik hasi gara, baina Udako Euskal Unibertsitatea noiz eta nola jaio zen oroitzea komeni da. 1973an, Ipar Euskal Herrian egin zen lehenengo udako ikastaroa. Unibertsitatean euskaraz ez zegoen deus ere. EHU ere sortu gabe zegoen.

«Bultzada sozial oso handia zegoen; bost urte lehenago Euskaltzaindiak batua definitu zuen. Horrekin jakintza arlo guztiak jantzi behar ziren, hala nola unibertsitatea. Baionako kultur asteak izan ziren 1970-1972an, bertan hasi ziren biltzen euskal pentsalariak, katalanei jarraituz. Donibane Lohizunen izan zen guztiaren hasiera».

Euskal unibertsitatea eraikitzea zuten aldarri. Ikastolak jada sortuta zeuden. «Euskara berreskuratu behar zen eta hortik tiratzeko oso inportantea da unibertsitatea. Urte horretako ikastaroetan jolasean hasi ziren, fisikako oinarrizko kontzeptu batzuk euskaraz emanez; zergatik ez? Denek sentitzen zuten zerbait eraikitzen ari zirela, posible zela», kontatu du Sarasolak.

Erantsi duenez, hori bezain inportantea da pertsonek jakintza azaltzen ikastea. Eta hori barra-barra egin zuen UEUk hurrengo 25 urteetan. 

Iruñeko oasia

Hasieran lau urtez Lapurdin elkartu ziren eta 1977an Iruñera egin zuten salto. «Hor daude 20 urte non 15 egunez euskararentzat oasi bat sortzen zen. Materiala prestatzen zen urtean hor aurkezteko. Ez ziren ekintza akademikoak soilik; eztabaidak, dantza, jolasa, magia zen. Zortzi-bederatzi euskara diferente entzuten ziren. Sail guztiek konpartitzen genituen bazkariak. Eta mahaian Txillardegi, Amuriza edo Lopategirekin tokatzen ahal zitzaigun. Gaztetxo bat hara zihoan ikastera eta hortik zurrupatzen zuen».

Horizontaltasuna. «Oraindik hori gara. Hori izan nahi dugula aldarrikatzen dugu».

Kasik 500 liburu

Urtero hamar liburu atera dituzte, orotara ia 500 obra, kalitatezkoak, unibertsitate mailakoak. Hala, materiala prestatuz eta jendea aurkezten trebatuz, 20 urtean lortu zen EHUk eta Lakuak baimena eman eta plazak ateratzea, eta mendea bukatzerako ia karrera guztiak egin zitezkeen euskaraz.

Hasierako urte horietan, Iruñera pasatu eta gutxira sortu zen EHU, gutxira NUP, eta euskararen normalizazioan eta euskara planetan ibilitako anitz UEUtik pasatutako gaztetxoak izan ziren. 

«Harro gaude. Orain 50 urte utopia zen. Jendea lanean hasten zen oso giro ona zegoelako, oso prozesu gorakorra zen. Carlos Santamariak esaten zuen bi gauza diferente daudela: Euskal Herriko Unibertsitatea eta euskara ardatz duen Euskal Unibertsitatea, euskal munduko arazoak landuko dituena. Eta hori ez dugu lortu. Esaten digute utopia dela, ez dagoela jenderik. Baina gu beti mailak igotzen goaz, gauza berriak egiten, etengabe aldarrikatzen hori egin behar dela», nabarmendu du zuzendariak.

Eta Oskorriren kanta bat abesten hasi da: «Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea...». Euskal Herri osoa hartuko duena, herrikoia, gure herriaren nortasun eta ezaugarriak aintzat hartuko dituena, euskal gizartearen premiei erantzungo diena... Elkarlana sustatzen dute unibertsitate guztiekin normalizazio horretan eragiteko.

UEUren ikastaroen irekiera Biarritzen egin da berriki eta bertan, Jose Ramon Etxebarriak katedral bat eraikitzearekin konparatu zuen euskal unibertsitatea sortzea. Artisau onak behar dituzu, eta giro ona oso inportantea da.

Graduondokoak

Ia ikasketa guztiak euskaraz ematen zirenean, Iruñeko Larraonako eredua aldatu beharrean aurkitu ziren. Ordura arte euskaraz zerbait egiteko joaten ziren, erdaraz ikasten zutelako. Baina jada ez zuten behar hori. Krisi bat izan zen eta UEUk apustua egin zuen graduondoko ikastaroak, masterrak antolatzeko.

Euskaraz ikasi duten horiei guztiei euskarri bat ematea zen asmoa, gero euskaraz lan egiteko. Jardunaldiak antolatu zituzten: informatikariena, natur zientzialariena, ekonomialariena... «Zer proiektu egin ditzakegu elkarrekin?», galdetu zuten.

«1977tik 2000ra Larraonako garaiak izan ziren: lo egin, afaldu, jaia zegoen... Baina aldaketa gertatu zen: jendeak nahiago zuen ikasi eta etxera itzuli», adierazi du Sarasuak.
Bi mugarri izan ziren 2000n: «Bilboko egoitza soziala erosi genuen, eta Eibarko Udalak Markeskoa betetzea eskatu zigun. XVI. mendeko ondare kualifikatua da, 900 metro karratu, lau solairu. Bizitza eman genion, eta horrek ekarri zuen guretzat espazio bat, Bilbokoarekin batera. Hala, katedral txiki bat eraikitzen hasi ginen, eta gure jarduera akademikoa Euskal Herri osora zabaltzen».

Udako ikastaroetatik harago, urteko eskaintza bat diseinatzeari ekin zioten. Bizialdi osoko ikaskuntzara, etengabeko prestakuntzara egin zuten salto, presentzialtasunetik onlinera, graduondokoak euskaraz emanez. Hemezortzi graduondoko antolatu dituzte EHUrekin. Babesletza instituzionala sentitzen hasi ziren.

Ikerketa

2013-2015ean ikerketan eragiteko erronka hartu zuten. «Unibertsitatean sartzen diren irakasle berriak ikertzaileak ere badira, doktoreak. Gure lehen helburua komunitatea sortzea denez, jolasa abiatu genuen 2013an: ‘Kontatu zure tesia sei txiotan’. Seigarren edizioa dugu aurten. Harrigarria da zer jende daukagun», baloratu du zuzendariak.

2015ean “Ikergazte” nazioarteko kongresu zientifikoa abiatu zuten, bost jakintza alor elkartuz. «Bi-hiru eguneko kongresua da, Larraonako izpiritua berreskuratzen duena, bertan lo... Apustu oso handia izan zen ekonomikoki ere. Bertigoarekin hasi ginen, eta sekulako arrakasta izan zen: 200 ikertzailetik gora eta 140 komunikazio aurkezpen. Kualitatiboki ere oso garrantzitsua izan da, unibertsitate eta ikerketa talde ezberdinetatik datoz. Unibertsitate guztiekin hitzarmena lortu genuen», kontatu du idazkari nagusiak. Durangon izan zen eta bi urtera Iruñera joan ziren. Han ere arrakasta, Nafarroako Gobernuak ere babestu zuen. Bi urtera Baionan egin zuten eta laugarrena Gasteizen. «Beti egon da goi mailako jakintza, giro ona... Indar handia ematen duen ekimena da». 2023an Donostian izanen da.

Goi

2019an Goi Mailako Online Institutua (Goi) sortu zuten. «2002tik ari gara aldarrikatzen graduak online euskaraz ikasteko aukera izan behar dugula. UOCen inbidia ere izan dugu. Hori ere egin dezakegula uste dugu. Gainera, estrategikoa da. Europan bost ikasletik batek etxetik ikasten du. Hemen ez. Aukera bat galtzen ari gara. Lanean daudenak, familia kargak dituztenak, lan bat dutenak baina hobetu nahi dutenak... Eskaria badago euskaraz, baina administrazioak ez du ikusten; guk bai: euskaraz funtzionatuko duen gune bat. EHU bera ere ez dabil euskaraz, ibiltzeko ardatza ez da euskara», azaldu du Sarasolak.

Goi EHUko ikastegi atxiki bihurtu zen. Irakaskuntza masterra ematen dute. EHUk Donostiako fakultatean eskaintzen du eta Goik ematen du master horren online modalitatea, hiru espezialitatetan: natur zientzia eta matematika, giza eta gizarte zientziak eta hizkuntza eta literatura. 40-44 plaza eskaintzen dituzte 120-132 ikaslerekin. «Gure eredu pedagogiko propioa garatu dugu, teknologia egon behar da metodologia eta pedagogiaren zerbitzura. Ikaslea erdigunean dago, ez dago bakarrik, guk laguntzen dugu».

2020ko irailean jarri zuten martxan eta orain bigarren edizioa bukatzen ari dira. Hirugarren edizioko izen-ematea amaitu berri da. «120 plaza betetzeko 500 eskaeratik gora jaso ditugu. Behar bat badago eta tamalez jende askok bukatzen du online gaztelaniaz kanpoko unibertsitateetan. Gaztelaniaz jasotzen dute prestakuntza hemen belaunaldi berrien irakasle izateko euskaraz», ohartarazi dute.

«Oso emaitza politekin gabiltza, jendea oso pozik dago. Gure helburua da graduak ere online ematea. 2021-22 ikasturte honetan bigarren titulua hasi dugu: humanitate digitalen inguruko aditu titulua. Gure asmoa da euskaraz eta online titulazio gehiago ematea. Hemendik hiru urtera beste bi gutxienez edukitzea».

«Euskal Unibertsitatea, euskaraz ardatz izango duena, nazionala eta herrikoia edukitzea, graduak euskaraz ere emanez, hori egin daitekeela uste dugu. Argi dugu irakasleak prestatzen ari garela konpetentzia digitaletan baina Euskal Herriko nortasun eta ezaugarriekin. Hor ereiten ari gara».

Bazkideak oinarri

1.400 bazkide dira. Horiek dira UEUren oinarria. 50 euro dira urtean, ikasleentzat 30. Bazkideak Euskal Unibertsitatea sortzeko proiektuaren partaide dira. Askok ikastaroak egin dituzte, eurak izan dira irakasle ikasle gisa hasita.

«Talde profesionala 25 pertsonak osatu arren, badago talde eragile bat, zuzendaritza, militantea eta soziala dena, ibilbide luzekoa unibertsitatean, eta gero sailak daude, jakintza arloka antolatzen diren 27 sail», esplikatu du Ane Sarasuak.

«Ez duzu zertan sail batean apuntatu, baina asko apuntatzen dira filosofian edo ekonomian, eta horren inguruko informazioa jasotzen dute, ekintzetan integratzen dira, antolakuntzan. Denak ez dira kide aktiboak baina badaude oso aktiboak: ikastaro bat antolatu dute, irakasle izan dira, liburu bat argitaratu dute gurekin, tesia euskaraz egin eta ‘Ikergazte’-ra doaz...».
Edozein izan daiteke bazkide, herrikoia baita UEU, ez da goi mailako ikasketarik izan beharrik.

«Soldatapekoak garenontzat eta zuzendaritza osatzen dugunontzat oso garrantzitsuak dira. Oinarri soziala da definitzen gaituena, 1.400 pertsona horien ordezkari edo aurpegia gara. Gure DNA da, erantzukizun handia da. Hilero bidaltzen diegu mezu bat zer gauza egingo ditugun esateko».

Inguma datu basea hagitz inportantea da; sistematikoki jasotzen dute bertan euskaraz unibertsitate mailan ekoizten den guztia, idatziz zein ahoz. «Euskal komunitate zientifikoaren datu basea da, eta guk elikatzen dugu. 11.000 pertsona daude. Oso garbi daukagu gure zeregin bat dela sare hori kohesionatzea, trinkotzea».