Xabier Izaga

«Burundako hiztegia» osatu du Koldo Zuazok

2010ean «Sakanako euskara. Burundako hizkera» argitaratu zuen Koldo Zuazok, Burundako euskara sakon aztertu, sailkatu eta erakusten duen lana. 12 urte igarota, eskualde nafar horretako hizkeraren berri dakar atzera berriro: «Burundako hiztegia». Uztailaren 1ean aurkeztuko du Urdiaingo udaletxean.

Koldo Zuazo hizkuntzalariaren azken lanaren portada, irudian.
Koldo Zuazo hizkuntzalariaren azken lanaren portada, irudian. (EHU)

Badira 30etik gora urte Koldo Zuazok Burundako euskara ezagutu zuela. Bonaparteren sailkapenaren arabera «euskara giputza» egiten zen eskualde nafar hartara joan eta bertatik bertara hizkera entzunda, sailkapen hura berrikusi beharra sumatu zuen.

2007 eta 2008an egonaldi luze bi egin zituen Urdiainen, bertako hizkera ikasten eta aztertzen, ezagutarazteko asmoz. Hala egin zuen 2010ean Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren eskutik ‘Sakanako euskara. Burundako hizkera’ liburua argitaratu zuenean.

Tarteko hizkeratzat jo zuen Zuazok Burundako «eskueria», euskalki baten baino gehiagoren eragina duelako, Elgoibar, Mendaro eta Mutriku aldekoak bezala, edo Oiartzun, Hondarribi eta Irungoak bezala. Burundakoan, izan ere, euskara giputzaren eragina aurkitu zuen, baina baita euskara nafarrarena eta mendebaldekoarena ere; Araba-Bizkaietakoarena, alegia. Hartara, haren izaera nabarraren berri emateko, gertakari garrantzitsuak eta hain garrantzitsuak ez direnak bereizi eta azaldu zituen.

Liburu horrekin ez zuen amaitu Burundako hizkeraren gaineko lana, ordea, eta batuta zeukan materiala baliatuz, oraindik orain ‘Burundako hiztegia’ amaitu eta argitaratu du EHUrekin. Liburuaren aurkezpena uztailaren 1ean izango da Urdiaingo udaletxean, 19:00etan.

«Burunda eskualdea Nafarroako mendebalean dago, Arabaren eta Gipuzkoaren mugan. Sei herri dira: Ziordia, Olatzagutia (Olazti), Altsasu –hauxe da herri nagusia–, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku. Bere kokagunea dela eta, hango hizkera hiru alderdietatik elikatu da: Nafarroatik, Arabatik eta Gipuzkoatik. Badira, gainera, han sortutako hitz bereziak eta baita han gordetakoak ere. Ondare lexiko horren zati esanguratsu bat bildu da hiztegi honetan» irakur daiteke liburuaren kontrazalean.

Nortasun eta aberastasun handiko hizkera

Sakana, eta areago Burunda, ez da oso eskualde handia; hala ere, hiztegi honek erakusten duenez, haren hizkerak nortasun eta aberastasun handiak ditu: 3.941 sarrera eta 1.446 azpisarrera jaso ditu Zuazok hiztegian, eta gainera bertako 75 esamolde eta 46 esaera eta esaera zahar».

Koldo Zuazo Zelaieta (Eibar, Gipuzkoa) beste zenbait alderditan ere ibili da hiztegiak eta lan monografikoak osatzen. Besteak beste, lan hauek eman ditu argitara: ‘Deba ibarretik Euskararen Herrira’ (Badihardugu: 2002); ‘Arabako euskara’ (Elkar: 2012); ‘Mailopeko euskara’ (UPV/EHU: 2013); ‘Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara’ (UPV/EHU: 2016); ‘Mendebaldeko euskara’ (Elkar: 2017); ‘Sarako euskara’ (UPV/EHU: 2018) eta ‘Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara’ (UPV/EHU: 2021).

Zuazoren hamaikagarren lan hau euskara eta haren adierazpide ugariak hobeto ezagutzeko aukera da.