GAUR8

Airea-ura interfazearen urruneko kontrola garatu dute eremu magnetiko baten bidez

EHUko Microfluidics Cluster-ak egin du ikerketa, fluido-bolumen txikiak manipulatzeko, eta Europako MAMI diziplina anitzeko proiektuaren baitan kokatzen da, non sei herrialdetako talde eta enpresek parte hartzen duten.

Ikerketaren berri ematen duen «Langmuir» aldizkari ospetsuaren azala.
Ikerketaren berri ematen duen «Langmuir» aldizkari ospetsuaren azala. (EHU)

EHUko Microfluidics Cluster-ak egindako diziplina anitzeko ikerketa batek sistema berri bat aztertu du kanpoko eremu magnetiko bat erabiliz airea-ura interfazea urrunetik manipulatzeko. Ikerketa Europako MAMI diziplina anitzeko proiektuaren baitan kokatzen da, non sei herrialdetako talde eta enpresek parte hartzen duten. "Langmuir" aldizkari ospetsuaren azala lortu du lanak.

Ura aldaratzen duten material naturaletan inspiratuta, hala nola loto-hostoetan, gainazal hidrofobiko interesgarriak aztertu eta garatzeak interes handia piztu du zenbait eremutan, hala nola fluido-bolumen txikiak manipulatzean. Propietate magnetikoak material hidrofobikoetan integratzeak erraztu egiten du materiala urrunetik manipulatzea eta, aldi berean, ura aldaratzea, balizko aplikazioetarako ikuspegi berriak emanez.

Fernando Benito Lopezek, EHUko Mikrofluidics Clusterreko ikertzaile nagusiak azaldu duenez, «nanopartikula magnetiko hidrofobikoz osatutako geruza bat sortu dugu, ura-airea interfazean flotatzeko eta ura-solidoa-airea faseartea sortzeko gai dena. Geruza hori erraz tolesten da beherantz, kanpoko eremu magnetiko baten eraginpean. Horri esker, geruzak alderantzizko forma konikoa duen egitura bat sortzen du, tornado baten antzekoa, eta ‘Magneto Twister’ izena jarri diogu. Tornado-formako egitura horrek material bigun eta elastiko gisa jokatzen du, eta desitxuratu edo desagertu egiten da aplikatutako eremu magnetikoarekin».

Oinarrizko ikerketa bada ere, egitura horrek hiru aplikazio erreal nagusi dituela ikusi dute: «Lehenik ‘Magneto Twister’-a erabili dugu ur-tanta batzuk nahasi gabe ingurune urtsu batean manipulatzeko. Ur-tantak kono magnetikoaren gainean jar daitezke ur-ingurunean garraiatzeko eta nahi dugun lekura eramateko. Ur-tantak nahi dugun eremuan daudenean, eremu magnetikoa ken dezakegu, ur-bolumen oso horren zati kontrolatu batean erreakzioa gerta dadin».

Gainera, «‘twister’a azalera irekiko kanal batean likidoak bereizteko erabili zen», gehitu du Lopezek. «Kanal horrek aukera ematen digu gordailu independenteak izateko kanal fluidiko baten barruan, eta kanpoko eremu magnetikoa ezabatzen denean soilik nahastuko diren erreaktiboak gordetzeko, erreakzio kimiko edo biologiko bat gerta dadin. Kanal eta hodi horietako fluidoen mugimendua mikroeskalan modu kontrolatuan kontrolatzeko irekitzen eta ixten den balbularen antzeko zerbait izango litzateke».

Azkenik, «‘twister’ magnetikoa uraren azalean zeuden mikroplastiko flotagarriak bildu eta kentzeko erabili zen, ‘twister’a mikroplastikorantz mugituz, hura harrapatzeko», dio ikertzaileak.