GAUR8

Montrealen da Igor Calonge koreografoa, oreka ardatz duen sormen lana garatzen

Euskal eta quebectar sortzaileen arteko trukea bultzatzen duen «Saison Québec-Pays Basque» proiektuaren barruan, bertako goi mailako dantza ikasleekin oreka ardatz duen sormen lana garatzen ari da Igor Calonge koreografoa Montrealen. Abenduaren 7an aurkeztuko da.

Igor Calonge koreografoa, artxiboko irudian.
Igor Calonge koreografoa, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Igor Calonge koreografo donostiarra Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolako (EDCM, frantsesezko siglatan) ikasleekin ari da lanean, sormen lan berri baten inguruan.

Bi hilabeteko sormen-egonaldia da Calonge burutzen ari dena, EAE eta Quebecen arteko zubiak sendotzea helburu duen ‘Saison Québec-Pays Basque 2021-2022’ proiektuaren barruan.

Egitasmoaren barruan, dantzari profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren 17 ikasle ditu bere aginduetara koreografoak. Egonaldi hori urriaren 17an hasi zen, eta bi hilabeteko iraupena izango du. Ondoren, Montrealen aurkeztuko du lanaren emaitza, abenduaren 7tik aurrera.

Ekimena bultzatzen duen Etxepare Euskal Institutuak aurreratu duenez, pasa den martxoan irekitako deialdira aurkeztu zuen donostiarrak oreka gai zentraltzat duen proiektu artistikoa.

Bertigoak eragiten duen beldurra

«Oreka galtzean sentitzen den bertigoa eta erorketak ematen digun beldurraren inguruko lanketa egin nahi nuen, bereziki, egoera horiei aurre egiteko eta gainditzeko moduak. Mugimenduak eta koreografia horren baitan ari gara osatzen, dantzari bikainez osatutako taldearekin», azaldu du Calongek lantzen ari diren egitasmoaz.

Egonaldiaren erdira iritsita, esperientzia «oso aberasgarria» izaten ari dela dela adierazi du sortzaileak.

«Elkarlanerako bokazio osoa» duen aldebiko ekimena denez, EDCMk eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluak (CALQ, frantsesezko siglatan) Euskal Herrian egonaldia egingo duen koreografoa hautatzen dute.

Laugarren edizio honetan, Edgar Zendejas koreografo quebectarra (mexikarra jaiotzez) izango da bi hilabetez Dantzaz konpainiako dantzariekin arituko dena. Urtarrilaren 9an jarriko du abian proiektua Tabakaleran, eta otsailaren 6tik martxoaren 9ra Gipuzkoako Dantzagunean ariko da.

Azpimarratu dute, bestalde, Errenteriako Udalaren elkarlanari esker, sortutako lana Niessen auditorioan aurkeztuko dutela martxoaren 9an bertan, 19.00etan hasita.