GAUR8

11.500 lagun bildu ditu UPV/EHUko Unibertsitate Orientazio Azokak

Unibertsitate-ikasketen inguruko informazioa eskaintzen duen EHUazokak 11.500 lagun bildu ditu aurten, pandemia aurreko parte hartze datuak gaindituz. Orientazio azokak hainbat ikaslerentzako aukerak aztertzeko duen balioa nabarmendu dute.

EHUazokaren azken edizioa, irudian.
EHUazokaren azken edizioa, irudian. (UPV/EHU)

Inoizko parte hartze handiena izan du UPV/EHUk unibertsitate-ikasketak egin nahi dituzten ikasleentzako antolatu duen azken orientazio azokak. Guztira, 11.500 lagun igaro dira campus ezberdinetan garatu diren informazio saio horietatik, pandemia baino lehenagoko datuak gaindituz.

Azpimarratu dutenez, baieztatu da ekimena aukera paregabea dela unibertsitate publikoak eskaintzen dituen graduko ikasketak ezagutzeko, baita unibetsitatera sartzeko prozedura bera argitzeko.

«Hiru jardunaldietan egiaztatu ahal izan dugunez, EHUazokak berebiziko garrantzia du unibertsitate aurreko ikasleek beren hezkuntza eta lanbide ibilbidea beren itxaropen pertsonalen arabera diseinatu ahal izan dezaten», baloratu du Fernando Tapia UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko errektoreordeak.

Nabarmendu duenez, milaka familiek eta ikasleek beren aukerak aztertu ahal izan dituzte, «beren gaitasunetara eta interesetara ondoen egokitzen den titulazioa behar bezala» aukeratzeko.

Ate Irekien Jadunaldiak eta Jarduera praktikoak

EHUazoka Sarbide Programaren barruan dago, eta ikasketak aukeratu aurretik ikasleei ahalik eta informazio gehien erraztea du helburu.

Programa horren barruan daude, halaber, martxoaren 17tik 25era izango diren Ate Irekien Jardunaldiak eta intereseko graduekin lotutako Jarduera Praktikoak, non ikasleek parte hartze aktibo bat izan dezaketen eta titulazioei buruzko ezagutzak hobetzen dituzten, unibertsitate ikasletetxeetan bertan egiten diren jardueren bidez. Azken jarduera hauek maiaztaren 23tik ekainaren 23ra bitartera egingo dira.