GAUR8

Ehun master baino gehiago eta 70 doktorego programa, EHUren eskaintza berrian

EHUko Gobernu Kontseiluak ehun masterretik gora eta 70 dokotorego programa inguru jasotzen dituen eskaintza onartu du datorren ikasturterako. Bioetika eta Biozuzenbidea masterra dago berrikuntzen artean, baita bi Erasmus Mundus proiektu berri ere.

Leioako Campusa, artxiboko irudian.
Leioako Campusa, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) graduondokoen eskaintza berritua egingo du 2023-2024ko ikasturterako, ehun master baino gehiagorekin eta 70 bat doktorego programarekin. Eskaintza ostegun honetan onartu du Gobernu Kontseiluak Bizkaia Aretoan egindako bilkuran.

EAEko unibertsitate publikoak sei titulazio berri izango ditu datorren ikasturtean graduondoko ikasketen katalogo zabalean. Programarik berritzaileenen ondoan, esperientzia eta ibilbide luzekoak egongo dira, unibertsitate sistemaren kalitatea bermatzeko Europako eta Estatu espainiarreko agentzien onespena dutenak.

Berrikuntzetako bat Bioetika eta Biozuzenbidea masterra da. Unibertsitate arteko programa bat da (La Lagunako eta Kanaria Handiko Las Palmasko unibertsitateak ere parte dira), eta bioetikaren arloan dauden prestakuntza premiei erantzutea du xede, kontuan hartuta praktika klinikoak konplexutasun handia hartu duela eta paradigma aldaketa bat gertatu dela profesionalen eta pazienteen arteko harremanetan.

Masterraren helburu nagusietako bat da ikasleei gaitasuna ematea osasun eremuko arazo etikoak identifikatzeko eta parte hartzeko asistentziaren etikako batzordeetan edo ikerketaren etikako batzordeetan.

Halaber, 2023-2024ko ikasturtean, EHU bi Erasmus Mundus proiektu berriren buru izango da, eta Estatu espainiarrean mota horretako master eskaintza handiena duen unibertsitatea bihurtuko da horrela. Erasmus Mundus kategoriako masterrak dira Europako Batzordearen bikaintasun zigilua eskuratu dutenak lehia handiko deialdi batean.

Arkitektura era itsas ingurumena

Euskal unibertsitate publikoa buru duten bi partzuergo berriak dira, ‘Erasmus Mundus Master in Architectural and Urban Contemporary Heritage (Arurcohe)' deritzona, XX. mendeko arkitekturari eta hiri inguruneei buruzkoa, eta, bestetik, Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra, Southampton, Bordele, Lieja eta Azoreetako unibertsitateetako eta EHUko adituen arteko lankidetzaren ondorio dena eta herrialde desberdinetako 40 kide baino gehiagoko sare batean oinarrituko dena.

Hartara, zenbait Erasmus Mundus masterretan partaide izateaz gain, EHUk master horietako lau gidatuko ditu. EHUren graduondoko nazioarteko eskaintza gero eta zabalagoa da. Gaur egun, nazioarteko 28 titulazio ditu; horietatik 15 titulazio bikoitzak dira (ikasleak EHUko eta atzerriko unibertsitateko titulazioak lortzen ditu).

Bestalde, berriz eskainiko dira Filosofia: Zientzia, Gizartea, Teknologia masterra eta Garaiko Historia masterra. Lehenengoak zientzia eta teknologiak sortutako erronken ikerketa filosofikoa du ardatz, eta bigarrena, berriz, unibertsitate arteko programa bat da, Espainiako bederatzi unibertsitatek lankidetzan aurrera daramatena, oraingoan EHUren gidaritzapean.

Azkenik, doktorego programa berri bat ere onartu da: Zientzia Esperimentalen Didaktika, eta horrekin 67 izango dira guztira eskainiko direnak, jakintza adar guztiak aintzat harturik. Programa berrian 14 unibertsitateko irakasle-ikertzaileek eta 17 ikertaldek hartuko dute parte.

Master Week euskal unibertsitate publikoaren masterren azoka birtuala ere iragarri du Gobernu Kontseiluak. Martxoaren 6tik 10era bitarte izango da eta Master Eguna ordezkatuko du. Topaketa birtual horretan, ikasleei informazio xehea emango zaie EHUn eskainiko diren graduondokoez.