GAUR8

EAEko Lanbide Heziketako ikasle guztiek jarraituko dute eredu duala 2027-28 ikasturtean

Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak 55.000 ikasle aurreikusten du 2027/28 ikasturterako, eta eredu duala egingo dute guztiek. Prestakuntza dual horretan laguntzen duten enpresak 7.542 izatetik 25.000 izatera igarotzea da helburua.

Lanbide Heziketako ikastetxe bat, artxiboko irudian.
Lanbide Heziketako ikastetxe bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lanbide Heziketako (LH) VI. Euskal Planaren helburua 55.000 ikasle gainditzea da, gaur egungo 46.671 ikasleen aldean, eta ikasleen prestakuntza dualeko ereduan laguntzen duten enpresak 7.542 izatetik 25.000 izatera igarotzea.

Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arevalo LHko sailburuordeak aurkeztu dute plan berria. Zehaztu dutenez, lanbide heziketa eraldaketarako eta berrikuntzarako eragile gisa sendotzea da planaren helburua.

«Eraldaketa digital osoa garatzea», enpresa eta mikroenpresekin berrikuntza aplikatua sustatzea, kultura ekintzailea garatzea eta LHko zentroetan enpresak sortzen bultzatzea dira beste erronka batzuk.

Lakuako Gobernuko arduradunen esanetan, nazioartekotzea bultzatzen jarraitzea izango da landuko den ardatzetako bat, Hezkuntza Sailak Europako batzordearekiko lankidetza indartuz.

Egun ikasleen %35era iristen da lanbide heziketa duala, eta datorren ikasturtean %50era heltzea aurreikusten da.

Euskarari dagokionez, egun ikasleen %52k B eta D ereduetan ikasten du. Planak aurreikusten du %60raino pasatzea 2024-25 ikasturtean.

Bildarratzek azpimarratu du erabateko enplegarritasunerantz doala Lanbide Heziketa, eta plan berriak «ezagutzaren, sormenaren eta pertsonen talentuaren aldeko apustua indartuko du, datorren bilakaera teknologikorako oinarri gisa».