GAUR8

Glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki glutendunen baliakideak izaten

Glutenik gabeko elikagaiak kontsumitzearen aldeko joera orokor bat dago gizartean, baina ez dira beti produktu osasungarriak ezta glutendunen baliakideak nutrizioaren ikuspegitik, ohartarazi du horien jarraipena egiten duen EHko GLUTEN 3S taldeak.

Jonatan Miranda ikertzailea, irudian.
Jonatan Miranda ikertzailea, irudian. (Nuria GONZALEZ | FOKU)

Ingurumeneko faktoreen ondorioz eta diagnostikoak hobetu eta ugaritu direlako, azken urteetan geroz eta zeliakia kasu gehiago diagnostikatzen ari dira.

Kasuen hazkuntza horrek eta glutenak eragiten dituen beste nahasmendu batzuek glutenik gabeko dieta osasuntsuagoa dela pentsatzera eraman du eta «uste hori kaltegarria izan daiteke», adituek ohartarazten dutenez.

Glutenik gabeko produktuen zigilua ematen duen EHUko GLUTEN 3S taldeak produktu horien ikerketa zabal bat gidatu du azken bederatzi urteetan.

Nutrizio analisiak egin ditu glutenik gabeko 200 produktu aztertzeko, eta ondorioztatu dutenez, «produktuen kalitatea nabarmen handitu da» baina «oraindik ere produktu horiek ez dira iritsi glutena dutenen baliokide izatera».

Glutenik gabeko jakiak kontsumitzearen alde instalatu den pertzepzio horren harira, Jonatan Miranda Gomez ikertzaileak azaldu du dietari leporatzen zaizkiola zenbait ezaugarri berez dietarekin loturarik ez dutenak. EHUko adituak nabarmendu duenez, «datuek erakusten dute glutenik gabekoak ez direla produktu osasuntsuagoak».

Pastaren adibidea

Pastaren adibidea jarri dute. Glutenik gabeko pasta ez da gariarekin egiten, glutena duelako, baizik eta artoarekin, eta hain zuen ere, arto irina izan da beti osagaietan lehena. Azken bederatzi urteetan horrela izan da. Baina bigarren osagai nagusia izaten zen arroz-irina orain artatxikiagatik ordezkatu da.

«Horrek nutrizioan eragin positiboa izan du», adierazi du Mirandak. «Pasta egiteko, estrusio bat egin behar izaten da, eta artatxikiak aukera ematen du estrusioa lipido gutxiagorekin egiteko».