GAUR8
Gaur X urte

12 urte Jose Mari Sagardui kartzelatik atera zenetik

22 urte zituela sartu zuten Jose Mari Sagardui ‘Gatza’ kartzelan eta 53 urterekin atera zen 2011ko apirilaren 13an, ia 31 urte geroago. Atera zenean 40 senide eta lagunek egin zioten harrera Jaeneko kartzelaren atarian, Voces Contra el Terrorismoko kideen irainak jasotzen.

Jose Mari Sagardui, espetxetik atera zen momentuan.
Jose Mari Sagardui, espetxetik atera zen momentuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Jose Mari Sagardui ‘Gatza’ espetxean denbora gehien eman zuen euskal herritarra izan zen. 1980ko uztailean Guardia Zibilak atxilotu zuenetik egon zen Estatu espainoleko hainbat kartzelatan 2011ko apirilaren 13an aske geratu zen arte, gaur 12 urte.

Besteak beste ETAko kidea izatea eta Juan Cruz Hurtado eta Jose Maria Arrizabalagaren hilketetan parte hartu zuela egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalak 70 urteko espetxe zigorrak ezarri zizkion. Zigorra jaso zuen garaian 30 urtera luza zitekeen espetxealdia baina 2006an Parot Doktrina ezarri zioten. Ihesaldi saiakeragatik eta kartzelan izandako liskar batzuengatik zigorra luzatu zioten eta azkenean ia 31 urte beteta atera zen Jaenen.

Sagardui 34 aldiz aldatu zuten kartzelaz eta hamahiru espetxe desberdinetan egon zen: Carabanchel, Soria, Puerto I, Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Hospital Penitenciario Carabanchel, Sevilla II, Mallorca, Sevilla I, Granada, Puerto II, Jaen II eta Zaballa.

Zornotzatik, bere jaioterritik, etorritako 40 bat lagunek egin zioten harrera Sagarduiri Jaenen. Voces Contra el Terrorismo (VCT) taldeko hamalau kide ere han egon ziren, irainka eta bandera espainolak astintzen.

Hurrengo eguneko iluntzean iritsi ziren Zornotzara. Espainiako Auzitegi Nazionalak harrera ekitaldiak debekatu zituen eta Ertzaintzak bildutako jendearen aurka egin zuen.