GAUR8

‘ZooNaGreen’, Sendavivan espezie autoktonoak ikertzen ari dira Aranzadi, Nafarroako Unibertsitatea eta EHU

Animalia-espezie ezberdinen gaineko azterketa sakon bat garatuko dute hurrengo hilabeteetan Sendaviva Nafarroako parke naturalean, Aranzadi Zientzia Elkartea, Nafarroako Unibertsitatea eta EHUrekin lankidetzan. Habitaten osasuna ikertu nahi dute, espazioa biodibertsitatearen gordailu den baieztatzeko.

«ZooNaGreen’ proiektuaren aurkezpena, irudian.
«ZooNaGreen’ proiektuaren aurkezpena, irudian. (EHU)

Sendaviva Nafarroako Abentura eta Dibertimendu parkeak intsektu polinizatzaileen, hegaztien, mikrougaztunen eta mesomamiferoen biodibertsitatea aztertuko duen ‘ZooNaGreen’ proiektua jarri du abian, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta EHUrekin lankidetzan.

Parkea biodibertsitatearen gordailu bihurtu den baieztatu nahi da ekimenarekin. «Landaketaren, landarediaren mantentzearen eta ur-puntuen sorreraren bidez», fauna eta flora «errespetatu, zaindu eta indartzeko» esparru bat dela nabarmendu dute. Adituek ingurune horretan dauden basa-espezieak aztertuko dituzte.

Lau lantalde arituko dira. Lanak laginketekin hasi dira, eta horiek uztailera arte luzatuko direla zehaztu dute. Aranzadi Zientzia Elkarteak azterketa entomologikoa (intsektu polinizatzaileak) eta ornitologikoa (hegaztiak) egingo du; Nafarroako Unibertsitateak mikrougaztunaren azterketa, eta EHUk mesomamiferoen taldea aztertuko du.

Azken kasu horretan, laginketa-datak bi fasetan garatuko dira: lehenengoa ekainetik abuztura eta bigarrena abendutik otsailera. Proiektuaren barruan, gainera, parkean eta haren inguruan bizi diren espezien inbentarioa egingo du Aranzadik.

Polinizatzaileak, «interes-taldeetako bat»

Azaldu dutenez, intsektu polinizatzaileak dira interes-taldeetako bat, laboreen ugalkortasunarentzat eta landarearen aniztasunarentzat duten onurengatik, eta batez ere Sendavivaren lokalizazioa kontuan hartuta, nekazaritza-ingurune batean.

Hegaztien azterketari dagokionez, inguruko hegazti ugatzaileen komunitatea ikertzea izango da lanen ardatz nagusia, zentsuak eginez. «Habiak egiten dituzten hegaztien populazioak dira interes handiena dutenak kontserbazioaren ikuspegitik, eta horregatik lehentasuna izango dute jarraipena egitean» populazioen «ondorengotza eta etorkizuneko bideragarritasuna ziurtatzen» duten heinean, zehaztu dute.

Mikrougaztunen kasuan, espezie horien garrantzia nabarmendu dute, «haragijale eta harrapari askoren elikaduraren oinarri» baitira. Horiek aztertzeko, bi jarraipen-estazio ezarriko dituzte, parke barruko eta kanpoko eremuetan, tranpen bidez harrapatu eta identifikatu eta neurtzeko.

Era berean, mesomamiferoen egoera aztertuko du EHUk, duen osaera ezagutu eta parkean duten presentzia aztertzeko, inguruko basoetan dutenarekin alderatuta, bereziki.