GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez 2007an Barricada taldeak Diamantezko Diskoa jaso zuen

Barricadak Diamantezko Diskoa jaso zuen duela 16 urte, 25 urtetan milioi bat disko saltzeagatik. Artikako kultur etxean, Nafarroan, izan zen ekitaldia eta akustikoan emandako kontzertuarekin ospatu zuten. Taldearen ibilbideari buruzko erakusketa ere antolatu zuten.

Barricada taldeko kideak 25. urteurreneko diskoa aurkeztu zutenean.
Barricada taldeko kideak 25. urteurreneko diskoa aurkeztu zutenean. (EUROPA PRESS)

Barricadaren 25. urtemuga zela eta errekonozimendu berezia egin zioten taldeari 2007ko ekainaren 13an. Ibilbide luzean miloi bat disko saldu izanagatik Diamantezko Diskoa eman zieten Artikako kultur etxean, Nafarroan. Ondoren, kontzertu akustikoa eskaini zuten. Taldekideak aurrera jarraitzeko gogoz agertu ziren ekitaldian eta, hain zuzen ere, 2013 urtera arte jarraitu zuten elkarrekin jotzen. Ondoren, El Drogasek bakarkako ibilbideari heldu zion.

Barricada 1982an sortu zuten Iruñeko Txantrea auzoan eta Euskal Rock Erradikalaren mugimenduaren parte izan zen. Besteak beste, kontzertu ugari eman zituzten Hertzainak eta La Polla Records taldeekin eta rock-aren inguruan ibili direnetatik gehien nabarmendutako euskal taldeen artean dago.

Taldea sortu zuten kideak honakoak izan ziren: Enrique Villarreal Armendaritz, El Drogas, ahots eta baxua; Jose Landa, bateria; Sergio Oses Pagola, bigarren gitarra; eta Javier Hernández Larrea, Boni, ahotsa eta gitarra. Gero Mikel Astrain Antxorena bateria-jotzailea batu zitzaien. Ondoren, Osesek soldaduska egin behar zuela eta, Alfredo Piedrafita Gomezek ordezkatu zuen.

1984an Astrain zendu zenean Fernando Coronado Olartek ordezkatu zuen eta ‘Bésame’ diskoa kaleratu ostean Coronadok taldea utzi zuenean, Ibon Sagarna, Ibi, sartu zen bere ordez.
2011ko abenduaren 2an Drogasek Barricada utzi behar zuela eman zuen jakitera eta Ander Izeta hasi zen orduan baxu-jotzaile lanetan. 2013ko azaroaren 23an eman zuen taldeak azken kontzertua.