GAUR8

Izena emateko epea zabaldu du Ahalduntze Bertso Eskola Feministak

Ahalduntze Bertso Eskola Feministan izena emateko epea zabaldu dute gaur. Irailaren 29ra arte dago bederatzigarren edizio honetan izena emateko epea. Parte hartzaile kopuruaren arabera, gainera, eskolak bi talde izango ditu, Amasa-Villabonan bat eta Durangon beste bat.

Urriaren 21ean jarriko dute abian Ahanduntze Bertso eskola feminista.
Urriaren 21ean jarriko dute abian Ahanduntze Bertso eskola feminista. (Bertsozale Elkartea)

Ahanduntze Bertso Eskola Feministaren bederatzigarren edizioa jarri du abian Bertsozale Elkarteak. «Plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi duten emakumeei» zuzenduta, ikasturte berria urriaren 21ean hasiko da. Izena emateko epea zabalik dago gaurtik.

Bi talde egiteko adina lagunek izena emanez gero, bi taldetan banatuko dira eskolak: Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, eta Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan, bestea.

Ikasturtea irailean hasi eta ekainaren 8ra arte luzatuko da. Hilean behin dira eskolak, larunbat goizez, 10.00etatik 14.00etara.

Izen emate epeari dagokionez, gaurtik hasita hilaren 29ra arte egongo dela irekita, azken egun hori osorik barne.

Aukera dago, bestalde, izena emateko ikasturte osorako edo hiru hilabeteka. «Ikasturte hasierako izen ematean aukeratu daiteke noiz parte hartu, baina urtarrilaren 8tik 10era eta apirilaren 8tik 10era ere zabalduko da izen ematea», zehaztu dutenez.

Informazioa eskuragarri dago Bertsozale Elkartearen webgunean, baina datu gehiago behar izanez gero (+34) 943 69 41 29 telefono zenbakira deiteko aukera dago, baita umorez@bertsozale.eus posta elektronikoaren bidez.