GAUR8

Hiru gonbidatu berri ‘Emakume zientzialarien argitan’ zikloaren udazkeneko emanaldian

‘Emakume zientzialarien argitan’ zikloak hiru solasaldi berri iragarri ditu urriaren 23tik aurrera, hiru euskal ikerlari ezagutu eta haien ezagutza partekatzeko. Miren Vives Urbieta, Uzuri Albizu Mallea eta Onintze Salazar Perez dira gonbidatuak.

‘Emakume zientzilarien argitan’ solasaldi-zikloaren kartela.
‘Emakume zientzilarien argitan’ solasaldi-zikloaren kartela. (Elhuyar Fundazioa)

‘Emakume zientzialarien argitan’ zikloaren udazkeneko emanaldi berri bat iragarri du Elhuyarrek. Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatuta, emakume zientzialariak ezagutzea da helburua. Miren Vives Urbieta arkitektoa, Uzuri Albizu Mallea matematikaria eta Onintze Salazar Perez fisikan lizentziatua eta Meteorologian espezializatua gonbidatu ditu oraingoan.

Hiru astelehenetan izango dira: urriaren 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 11n, euskaraz guztiak. Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira, 19.00etatik aurrera.

Ikertzera zerk bultzatu dituen, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre azalduko dute solasaldi horietan.

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzailea izango da gidaria. Solasaldietan, gainera, «‘bi kulturen’ estereotipoa, (hots, zientziak eta humanitateak) gainditzeko gogokoen dituzten liburuak gomendatzeko» eskatuko zaie.

‘Nola diseinatu hiri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat’ izenburua du Miren Vivesekin antolatutako solasaldiak, eta hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoen sustapena izango du ardatz.

Bigarren hitzorduan, ‘Matematika, gertutik eta barrutik’, arloarekin lotzen ditugun irudi estereotipatuek ikasleengan duten eraginaz galdetuko zaio Uzuri Albizuri.

‘Eguraldia aldatu da edo aldaketa klimatikoagatik da?’ galdera erantzun beharko du azken saioan Onintze Salazarrek, inguruan ditugun muturreko fenomeno meteorologikoei begira.