GAUR8

Lehen aldiz hip-hop lantegia eskainiko dute Neguko Musika Tailerretan

Arabako talde berriei edo profesionalizazio bidean daudenei zuzenduta dauden Neguko Musika Tailerren hirugarren edizioak hip-hop lantegi bati egin dio lekua. Gabonetako oporraldian izango dira lantegiak eta doakoa da izen ematea.

Tailerren eskaintza berriaren kartela, irudian.
Tailerren eskaintza berriaren kartela, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiko Gazteria Sailak eta Hell Doradok Neguko Musika Tailerren proposamen berri bat plazaratu dute, lehen aldiz hip-hop lantegia proposatzen duena.

Eskaintza 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, tailerrak Gabonetako oporraldian egiteko. Izen emateak doakoak dira eta dagoeneko egin daitezke Hell Doradoren webgunean.

Foru Aldundiak jakinarazi du ohar bidez Gazteriaren Foru Erakundeak eta Hell Doradok «berriz ere indarra batuta» musika lantegien hirugarren edizioa antolatu dutela. «Lantegiak 14 eta 29 urte bitarteko gazteentzat dira, oporraldian egiteko, eta dagoeneko izena eman dezakete, doan, Hell Doradoren webgunean», eman dute aditzera.

Aurten, gainera, berritasun modura Alba Saladok emango duen Hip-hop eta hiri musiken dantza lantegiaren eskaintza nabarmendu dute.

Programazioan, sei talde berrirentzako edo profesionalizazio bidean daudenentzako prestakuntza lantegia dago, hiru ataletan banatuta. Horietako bat musika taldeentzat izango da, soinu profesionalizazioko lantegia, Urtzi Arakamak eskainiko duena.

Kontzertuen ekoizpen profesionaleko eta sare sozialen maneiuko beste tailer bat dago eskaintzen den bigarren atalean, Iñaki Urbizuren esku; eta hirugarren atal batean, bideo, film labur eta bideo-klip lantegia eskainiko da, Jokin Larrañagak eta Maite Ponferradak emana.

Ana del Val foru diputatuak nabarmendu du tailerrek duten arrakasta. «Kutsu artistiko-sortzaileko lantegiak dira, gazteen musika gaitasunak garatzera bideratuak. Osagai guztiak dituzte, abesti onek bezala, funtzionatzeko», esan du Del Valek.

Tailerrak abenduaren 26tik 29ra eta hilaren 30etik urtarrilaren 4ra egingo dituzte.