Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Urarteko baratzeak eskatzeko epea ireki du
Udal baratzeetako lursailak eskatzeko epea ireki du Gasteizko Udalak. Aurten 50 lursail baino gehiago eskainiko ditu egitasmoak, gehienez lau urtez erabili ahal izango direnak. Adinez nagusia izatea, Gasteizen erroldatuta egotea eta aurreko bi urteetan udal lursail bat erabiltzeko baimenik ez izatea dira eskatzen dituzten baldintzetako batzuk.
Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Urarteko udal baratzeetako lursailak eskatzeko epea ireki du aste honetan. Aurten 50 lursail baino gehiago eskaini ahal izango dira eta gehienez lau urtez erabili ahal izango dira. Eskaera aurkezteko epea otsailaren 7an amaituko da.
Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, baratzeak Abetxukuko Zadorrako parkean dagoen baratzezaintza ekologikorako udal ekipamendua dira. 2007an jarri zen martxan proiektua, gasteiztarrek laborantzarako gero eta lursail gehiago eskatzen zituztela ikusita.
San Martingo Bulego Teknikoetan edo Herritarren Arretarako Udal Bulegoetan, helburu horretarako aipatutako bulegoetan edo egoitza elektronikoan emango den instantzia eredu normalizatuaren bidez aurkez daiteke eskaera.
Baratze horietako bat eskuratu ahal izateko zenbait baldintza daude ezarrita. Adinez nagusia izatea, biztanleen udal erroldan egotea eta deialdia argitaratu den dataren aurreko bi urteetan udal lursail bat erabili ahal izateko baimenik ez eskuratu izana dira bete beharreko baldintzetako batzuk. Nekazaritzarako lur horiek erabili ahal izateko ia 1.000 baimen eman dira orain arte.