2019/04/13

Joana Garmendia
Anari eta guraso modernoak

Gaur egungo gurasoei noiznahi entzungo diezu Anariren gisara hitz egiten, gukako forman. Bart ez dugu batere lorik egin. Ez gabiltza apetitu handiarekin azkenaldian. Sukarra igo zaigu...

Gure etxearen aldamenean zegoen tabernako familian, seme-alabek berorika egiten zieten gurasoei. Senide zaharrenen artean, hika egiten zuten; gazteenei, berriz, zuka. Ez zuten ohartuki egingo horrela, seguru. Ez ziren sekula mahaiaren bueltan eseriko, nori nola egin behar zioten erabakitzeko eta adosteko. Beraien arteko harremanak islatzen zituen hizketa-modua zen hura, etxe berekoen artean zeuden aldeak erakusten zituen zeinu inkontzientea.

Familia gehienetan egingo zen horrela duela zenbait belaunaldi. Gaur egun nekez aurkituko dugu horren sistema xehea duen etxerik, batzuei eta besteei zuzentzeko modu desberdin horiek gordetzen dituenik. Eta hori ez da, ez, euskarazko forma horiek galdu izanaren ondorio. Alderantziz da, esango nuke: familia barruko mailak eta aldeak galdu direlako desagertu dira hizkuntzaren ñabardura horiek gure etxeetan. Gizartea aldatzearekin aldatzen da gizartean hitz egiteko dugun modua. Kasu honetan behintzat.

Generoak ere badu zer esana gai honetan. Konfiantza- eta errespetu-kontuek bereizten dute inori nola zuzentzen gatzaizkion, baina bada beste zerbait ere hor, hitanoaz ari garela. Leku askotan galdu da hika egiteko joera, baina nabarmen galdu dena noka egitekoa da: herri askotan, gaur egun, mutilei hika egiten diete, baina ez neskoi. Horrela da gure etxean ere: anaiari hika egiten diote, niri zuka. Oharkabean egindako hautua da, seguru; baina islatzen du gure belaunaldiaren ñabarduraren bat. Nire lagun bati hala esaten zion amak: ez egiteko hika ahizpen artean, ez zela batere “fina” eta. Semeari ez zioten halakorik esaten.

Gure belaunaldi fina guraso ere egin da, eta guk ere moldatu dugu gure ingurukoei zuzentzeko modua, neurri batean. Guraso modernoek guka hitz egiten dute.

Kontzertua hastean, entzuleak honela agurtzen ditu Anari Alberdi abeslariak: «Gabon, Anari gara». Denok ulertzen dugu zer esan nahi duen: izen horren atzean gordetzen dena talde osoa dela, ez soilik bere ahots-gitarrak. Duela zenbait hilabete, ordea, bakarka aritu zen Anari Donostiako campusean. Orduko hartan ere, halaxe esan zigun: «Egun on, Anari gara». Barre egin genuen gure ikusle-besaulkietatik. «Gaur zuek eta ni gara Anari», argitu zigun, konplizitate eske-edo.

Gukako formak iradokitzen duena

Gaur egungo gurasoei noiznahi entzungo diezu Anariren gisara hitz egiten. Bart ez dugu batere lorik egin. Ez gabiltza apetitu handiarekin azkenaldian. Sukarra igo zaigu. Oraindik ez dugu elgorria pasa. Gehienetan, badakigu, haurrari buruz soilik ari dira. Haurra da lorik egin ez duena, apetiturik ez duena, sukarra izan duena eta elgorririk pasa ez duena. Baina gukako formak iradokitzen du, nola esan, denei eragiten diela etxe horretan gertatzen denak. Denak bat direla, ez dagoela ni-rik, dena dela gu. Horrela ulertzen diet nik behintzat. Haurraren bueltan jositako familiak dira.

Muturrekoagorik ere entzuna dut. Lehenengo hortza atera zaigu. Enamoratuta gaude Marimorekin. Kasketoso hutsak gabiltza. Ezin irudika dezaket gure amona bere seme-alabez horrela hizketan. Azken hiruzpalau belaunaldietan familia eredua nola aldatu den erakusten duen printza txiki bat dela esango nuke.

Berorika, zuka, hika, guka; horiek nahikoa ez, eta badira inguruan beraien molde propioa sortu dutenak ere. Euskaraz arita ere, esaldi guzti-guztien atzean “tú” dioten horiek, hain justu. Tuka hitz egiten omen dute. Harrapazan. •