2019/04/13

Erreportajea
HERRITARREN KLIKA
Bihar amaituko da Gares eta Gasteiz artean Korrikak egindako ibilbide ederra

Hamargarren eguna du Korrikak. Bide luzea egin du, batzuetan eguraldia kontra, baina herritarrak alde. Hamar egun lasterka, eta Garesen hasi zen eguneko gogo berarekin jarraitzen du euskararen lurraldean zehar, euskal lurren nabarra zapalduz eta usainduz. Bihar amaituko da Gasteizen giro ezin hobean, baina aurten egindako klika euskararekiko konpromisoaren hasiera baino ez da.

Xabier Izaga Gonzalez
0413_korrika2ona

Garesen hasi zen, duela bederatzi egun, arratsalde eguzkitsu batean. Jendetza, zirrara, gogoa... klika. Konpromisoaren klika. 17:00etan abiatu zen, jai eta aldarrikapen giroan. Nekez igaroko zen inoiz horrenbeste jende aldi berean zubi erromanikoaren gainetik, Lizarrara eta Erriberara abiatzeko.

«Eremu ez-euskalduneko» herrietan, lasterketara biltzen ziren herritarrek eremu mistora sartzea eskatu zuten. Zangozan barna, Pirinioetara egin zuen. Elurra ari zuen, baina Korrikak ez du eguraldiaren baimenik behar. Laugarren eguna Ipar Euskal Herrian egin ondoren, Nafarroara itzuli zen, Arabara sartzeko, Errioxaraino, eta Trebiñu zeharkatuta, Aiaratik Bizkaira. Itsasadarra zeharkatzeko, Bizkaia Zubiko zaldainera igo ziren korrikalariak eta lekukoa.

Bizkai eta Gipuzkoako kostaldea ibili ondoren, barnealdeko hamaika herritako kaleak bete ondoren, gaur Bizkaira itzuliko da, eta bihar Otxandio, Aramaio eta Leintz bailara zeharkatuta, atzera berriro Arabara. Gasteizen Korrika amaituko da, baina ez milaka euskal herritarrek Garesen hasi eta 11 egunotan egindako klikak piztutako konpromisoa.

 

«Eremu ez-euskaldunak» ere egin du klika

Bigarren eguna. Tafallan jendetza. Zahar-gazteak. Zangozara, Orbaibarren barrena. Korrika handik iragan zen azkenekotik, D ereduko lerro publiko bat zabaldu dute Barasoainen. «Eremu ez-euskalduneko» beste herri batean ere D eredua eskaintzen hasi dira ikasturte honetan, Azkoienen, hain zuzen. Laster itzul dadila!

 

Korrika lehen aldiz Bokalera iritsi da

Giro kaskarra eta eguzkia txandakatu dira egunotan. Nolanahi ere, Korrikan giro dago beti eta beti. Pirinioetako elurrak ere ez du geldiarazi, eta beharbada korrikalarien tema ikusita, eguraldiak etsi eta Iruñera iristerako zerua oskarbitu du. Berriro ere jendetza, berriro eguzkipean. Alkatea eta instituzioetako beste hainbat ordezkari, peñak, eta batez ere herritarrak, milaka. Haien janzkerak gogorarazten du ez dela txupinazoaren eguna, giroak besterik adierazten badu ere.

Laugarren egunean ere elurra ari du Luzaiden gauerdian, Korrika Nafarroa Beherera sartu denean, eta euripean iritsi da ordu batzuk geroago Donibane Garazira, baina ez urak ez orduak ez dute Nafarroa Behereko hiriburuko karrikak jendez mukuru agertzea galarazi, ez eta geroago Zuberoako hiriburukoak giro ederrean betetzea ere. Ia 40 urte dira Korrika sortu zenetik. Gaur Bokalera iritsi da lehen aldikoz. Aturri ibaiaren ekialdean, Euskal Herriko muga-mugan, Lapurdiko nesken arraun taldeak lekukoa hartu eta ibaia zeharkatu du traineruan, Angelun gaindi korrikalarien eskuetan jarrai dezan.

Korrikaren seigarren eguna, Euskal Herri nabarra ezagutzeko beste aukera bat. Arabako Errioxara sartu da, lurraren mama goxoa emango duten mahastien artean.