2019/04/13

Nekane Zinkunegi Barandiaran
Deseraikitzeko zirika

EH Bilduko hautetsi diren, datozen hauteskunde zitetarako hautagai izatera animatu diren eta, oro har, koalizioan militatzen duten emakumeen ekitaldia izango da gaur Atarrabian. Badugulako beharra elkartzeko, hitz egiteko, partekatzeko, elkar animatzeko eta babestuak sentitzeko.

Izan ere, bizitzako beste hainbat eremutan bezalaxe, zerbait aitor dakigun, gizonen bikoitza edo gehiago egitera behartuak gaude politikagintzan ere. Emakume izaerari egozten zaizkion “-tasun” eta “-keria” guztiak gainean ditugula begiratzen digutela sentitzen baitugu, alkatetzan, udalgintzan zein herrigintzan ari garenean. Gure analisi politikoen zorroztasuna behar bestekoa ez balitz bezala tratatzen gaituztela eta, zenbaiten begietara, gure balioak apur bat gora egiten duela, aitaren baten alaba edo senarren baten emaztea bagara.

Azkenaldian, egunerokoan ikusi ditut panorama horren ondorioak inguruan. Hautagai izateko proposamena egin dieten emakume askok kalabazak eman dituztenean. Edota zaintza lanek beste aukerarik uzten ez dietelako, militantzia beren bizitza proiektuaren barnean irudikatzerik ez dutenean. Areago, instituzio nagusi baterako hautagai izateari uko egin dion gizonezko kidearen arrazoiak beste gizonezko batzuek gutxietsi dituztenean. Une horietan guztietan oroitu naiz oraindik etxe barruan badugula non zirikatu.

Beraz, beharko ditugu gaurkoa bezalako espazioak, hori guztia pixkanaka gainditzeko, deseraikitzeko. Eta, bereziki, aldarrikatzen dugun jendarte eredua geure egunerokoan eraikitzen hasteko. •