2019/04/13

Isidro Esnaola
Ekonomia geldi, aldaketa kualitatibo baten zain

Pasa den urtean Google, Amazon, Microsoft eta Facebooken artean 77.700 milioi dolarreko inbertsioa egin zuten data zentroetan, adimen artifizialean eta antzeko gauzetan

Ohi den moduan ekonomiari buruzko aurreikuspenak aldatzen ari dira. Nazioarteko erakundeetatik hasi eta bertako instituzioetaraino, denak ari dira etorkizunerako aurreikuspenak berrikusten. Gainera, egokitzapen guztiek berbera diote: aurreikuspenak ez dira beteko. Orokorra da geldialdia. Hazkundea moteltzen ari da eta momentuz inork ez ditu zergatiak azaldu. Gauza zehatzetan ere nabaritzen da. Esate baterako, autoen salmenta gainbehera doa, eta industria horretan langile asko aritzen dira Europa osoan zehar. Agindutako guztia bete dute gobernuek, eta, hala ere, hobekuntzarik ez.

Testuinguru horretan, Europako Banku Zentralak, interes tasak igotzen hasi behar zuenean, itxarotea erabaki du. Hazkundea apaltzen doan unean eta inflaziorik gabe, ez du zentzurik interes tasak igotzen hasteak. Europa Japoniaren itxura hartzen ari da. Arrakastaz hiltzen ari ote den bertako ekonomia...

Zer gertatzen ari den ulertzeko ikuspegia zabaltzea lagungarria izaten da. Nikolai Kondratiev errusiarrak ekonomiaren ziklo luzeak ikertu zituen. Gerora berak egindako lanak osatu egin dira, baina, funtsean, bere aurkikuntza nagusia zuzena zen: ekonomiak, ziklo laburrez gain, beste ziklo luzeagoak ere baditu, 46 eta 60 urte artean luzatzen direnak gutxi gorabehera. Ziklo horien oinarrian aldaketa teknologiko garrantzitsu bat egoten ohi da. Ziklo luzeko goranzko fasean, ekonomia azkar garatzen da, eta gainbeherak oso txikiak eta laburrak izaten dira. Beheranzko fasean, aldiz, kontrakoa gertatzen da: hazkundea oso apala izaten da eta gainbehera faseak asko luzatzen dira denboran. Adibidez, 80ko hamarkadatik 2008ra bitartean, informazio eta komunikazio teknologietan izugarrizko aldaketa eman zen eta berrikuntzok bultzatu dute ekonomiaren hazkunde paregabea. 2008tik aurrera, berriz, ziklo luzearen gainbeheran sartu garela ematen du: krisi luzeak eta hazkunde txikiak dira ezaugarri nagusiak.

Egia da oraindik ere berrikuntzak ikusten ari garela, baina nagusiki hobekuntzak dira. Ez dute jauzi kualitatiborik eragin ekoizpenean edo ekonomiaren antolakuntzan. Esate baterako, G1 mugikorrentzako lehen sarea analogikoa zen; ondorengo G2 sarea, berriz, digitala zen jada. Bien artean salto garrantzitsua eman zen, baina hortik egungo G5 sarera iritsi arte, abiadura, protokoloak eta datuak bidaltzeko eta jasotzeko ahalmena soilik aldatu dira. Etorkizunean, beharbada, ahalmen gehikuntza horrek aldaketa kualitatiboak ekarriko ditu, baina, momentuz, ez dute lortu.

Hala ere, horretan ari dira. Multinazional teknologiko handiek datu bilketa izugarria egin dute. Orain dirutza gastatzen ari dira datu horien lanketan. Adibidez, iaz Google, Amazon, Microsoft eta Facebooken artean 77.700 milioi dolarreko inbertsioa egin zuten, data zentroetan, adimen artifizialean eta antzeko kontuetan. Inbertsioaren bolumenaz jabetzeko, datu bat: epe berean, munduko lau petrolio multinazional handienek –hau da, Shell, Exxon, BP eta Chevron – kopuru hori baino 6.200 milioi gutxiago inbertitu zituzten elkarrekin. Bada, inbertsio nagusiak datuen lanketara baldin badoaz eta horiek ez badute berrikuntza erabakigarririk ekartzen, ez dute ekonomiatik tiratuko. •