2019/04/13

Joxean Agirre
Oporrak

Donostiako apaiz eta ekintzaile famatu bezain maitagarri Joxe Manuel Balentxiri behinola aurpegiratu zioten nola hartzen zituen oporrak, premia hori kapitalismoak sortutakoa izanik. Erantzuna ez zen batere marxista izan: «Ni kaletik noala emakume ederrenei ere ez diedala begiratzen ohartzen naizenean neure buruari esaten diot, ‘Joxe Manuel, Joxe Manuel! Ez zaude batere ondo, opor egun batzuk behar dituzu’, eta oporrak hartzen ditut».

Nik ez dakit oporrak kapitalismoak sortutako premia diren, baina turismoa munduko industriarik handienetako bat bilakatu da eta egiten dituen kanpainak hain dira eraginkorrak, non beren bizitzak agenda turistikoaren arabera antolatzen dituzten pertsonez inguratuta bizi garen. Galdetzen diezu datorren urteko Aste Santuan edo hemendik hamar urtera udan nora bidaiatuko duten eta batere zalantzarik gabe erantzungo dizute. Horientzako mundua bisitatu beharreko lekuen zerrenda luzea da. Hori bai, lekuen ikuspegi labur samarra dute: esaten diezue Paris eta lau izen aipatuko dituzte; Auzo Latinoa, Pigalle, Montmatre eta Eiffel. Esan Londres eta Soho, Picadilly Circus eta Covent Gardens; Erromatik Koliseoa gogoratuko dute; Firenzetik, Ponte Vecchio; Bruselatik, Maneken Pis; Veneziatik, gondolak edo, Kopenhagetik, lamia bat. Ilusio gehiagorekin hitz egiten dute ezagutzen ez dituzten lekuez, ezagutu dituztenez baino. Antsietate halako batekin hitz egiten dute datorren urtean San Frantziskora egingo duten bidaiaz edo hurrengoan Islandiara egingo dutenaz.

Neu turista oso eskasa naiz. Noan lekura noala gehiago dibertitzen nau turistei begira egoteak lekuak ikusteak baino. Jaio ginen etxean, baserrian, abuztuan eta Aste Santuan turistak hartzen hasi ginen eta ilusioa egiten dit datorren astean bi katalan kuadrillari harrera egiteak.

Turismoarekiko kritiko direnen patroia Pascal izan daiteke, zeinak baitzioen gizakiaren arazo gehienak etxean sartuta geldirik egoten ez jakitetik datozela. Etxean sartuta egoteko ez zarela gai? Saul Bellow handiak ematen du erremedioa: atea barrutik itxi eta giltzak leihotik bota. •