Maite Ubiria Beaumont

Bi abendu berdin ez badira ere, hotz da berriro Eliseoan

Urte bukaera bitartean, zer intentsitate mailarekin jakiterik ez bada ere, errebolta sozialaren hotsak entzungo dira beste behin frantses Estatuko karriketan. Bigarren urtez jarraian, abenduan, gorriz tindaturiko ohi baino data gehiago izanen dira Errepublikako egutegian. Bigarren urtez jarraian, Eguberrietako apaingarri distiratsu eta mezu gogaikarriei lehia egingo diete ekintzaile sozialen esloganek eta bengalek.

Iazko urtearen hondarrean, Txaleko Horien mugimenduak ordura arte karrikara irteteko aparteko ohiturarik ez zuen gizarte korpusaren ernetzea ekarri zuen. Aurten, aldiz, borroka sozial klasikoekin lotura egiten duen errebolta azaldu da kalean. Epidermisaren azpian, ordea, jatorri, esperientzia eta ibilbide ezberdinak dituzten hainbat mugimenduk auzolanean jardun dute. Justizia sozialaren eta justizia klimatikoaren arteko haria sendotuz doa, eta, iaz ezezagunak –hots, susmagarriak– ziren txaleko horiak ere, aurtengo mobilizazioetara bertaratu dira, pitinka-pitinka zalantzak uxatuz. Gauzak horrela, ezkontza aldarrikatu gabe bada ere, eskarmentu handiko sindikalistek eta azken krisiaren zauriak begi bistan jarri dituzten mugimenduko kideek elkargunea irudikatu dute, era ofizialean, errepide gainean.

Ondoko asteak erabakigarriak izan daitezke Emmanuel Macron frantses presidenteak Eliseora arribatzeko kanpainan hitz eman zuen erretreten erreformaren etorkizuna argitzeari begira. Heldu den urtarrilean Ministro Kontseiluak berretsi beharko lukeen egitasmoak protesta mugimendu zabala eragin du. Are, Gobernuaren baldarkeriaren erruz, erreformak hasieratik zuen aldeko haizea aski zakartu dela esan daiteke.

Macronek arazoak baldin baditu «Frantziaren berrikuntzaren alde» harturiko engaiamendua aurrera eramateko, iraungitze data izan dezake bere egitasmoa egikaritzeko ezinbestekoa duen erdiko klasearekin izenpeturiko kontratuak –oraindik ere erdiko klase hori existitzen baldin bada–. Adierazgarria izan da, ildo horretan, erreformaren gainean adostasunak eraikitzeko moldean azkenaldian agertu diren pitzadurak. Batetik, Edouard Philippe lehen ministroak plazaratutako erreformaren zehaztapenak arriskuan jarri du hilabete luzez CFDT sindikatuarekin landutako konplizitatea, eta kalkulu akats horrek mugimendu sozialaren hauspotzea ekarri du. Bestetik, eragile sozialekin plantan emandako kontzertazio prozesua bideratzeko Macronek hautatutako konfiantzazko ordezkaria, Jean-Paul Delevoye, amildegira erori berri da; pentsioetarako goi mandatariaren dimisioak agerian utzi du mundu zaharreko ajeak noraino dauden sustraiturik.

Dudarik gabe, “aste horribilis” erabatekoa izan da abenduko hirugarrena Eliseoko apopilo gaztearentzat. Baina xalo batek soilik pentsa dezake alternatiba sendoak, hots pluralak eta partekatuak, bultzatu ezean etekina atera dakiokeenik Estatuaren bitartekoak maneiatzen dituen Eliseoko jauntxoari sorturiko higadurari. Are gutxiago lurralde-perspektiba ez bada kalea berotu duen nahi demokratizatzailearen eroale natural eta eraginkor bezala agertzen. Azken batean, Parisko Gortean hotzikara eragin duen mugimenduak ez du nahikoa bere indarra erakuste hutsarekin. Alternatibak eraikitzeko estrategiak zorroztea eta heldu den udaberrian iraganen den hauteskunde prozesuan eragitea klabe izan daiteke. •