Ricardo Garcia Villanova

Hiru gerra Libian azken hamarkadan

2011n, Udaberri Arabiarraren itzalpean, Muammar Gaddafiren erregimenari eta, bide batez, koronelaren beraren bizitzari amaiera eman zion anai-arreben arteko gerra bilakatu zen matxinada. Kaos hartan agertu ziren agenteek, bertakoek eta kanpokoek –munduko potentziak tartean–, hor dihardute, hamarkada baten barruko hirugarren gerra ankerrean borrokatzen.

Tripoli hiriburuko plaza nagusia da. Duela urte batzuk itsasertzean zegoen eta egun, bi aldeetatik dorre handiek argitzen dute.

Alde batean, gaztelu gorria dago, bere garaian 5.000 urteko antzinatasuna duten piezak erakusten zituen museo ezaguna. Plazan hiru krispeta postu daude, gurdi bat bi zaldirekin eta haurrak plazatik gora eta behera eramaten dituen pottoka.

Musika topera duten bi furgoneta ere ikusten dira, izozkia saltzen dutela gogorarazteko. Era guztietako motorrek plaza zeharkatzen dute, jendea saihestuz. Jende gutxi, hiriburuak 2 milioi biztanle dituela kontuan hartzen badugu.

Dena den, edozein hiritako ohiko irudi bat litzateke, Libiakoa ez balitz, hau da, azken bederatzi urteotan hirugarren gerra pairatzen ari den herrialdekoa ez balitz. Miliziak bata bestearen kontra ari dira eta frontea plazatik kilometro eskas batzuetara dago.

Lehen gerra 2011n izan zen. Guztiz atipikoa, eta herrialde osora zabaldu zena. Ondoko Tunisian lehertu zen Udaberri Arabiarrak bultzatuta, Muammar Gaddafiren erregimenaren aurka eginez hasitako manifestazioak eta protestak anai-arreben arteko gerra bilakatu ziren.

Garai hartan gobernuaren aurka altxatu zirenen alde zuzenean esku hartu zuten hainbat potentziak. Horiengatik izan ez balitz, jai izango zuketen matxinatuek. Batez ere Bengazin, Libiako ekialdeko Zirenaikako hiriburuan.

Gaddafiren tropak setiopean zeukaten hiriaren ataurrean zeuden eta lehen liskarrak hasita zeuden. Armadaren indar motorizatua prest zegoen sartzeko, Gaddafiren beraren esanetan «izugarrizko sarraskia egiteko», baina hegazkin militar frantsesek minutu batzuetan suntsitu egin zuten. Errepidean, suntsitutako tanke eta kamioien ilarak ikus zitezkeen, asko sutan. Irudia ikaragarria zen.

Gertaera haiek koronelaren amaieraren hasiera iragarri zuten. Misratah hiria ere setiopean zegoen eta bertara Maltatik itsasoz soilik irits zitekeen.

Gaddafiren indarrek gogor bonbardatu zuten «martiri hiria». Hamar egun luzez, gauero 5 segundo igarotzen ziren eztanda batetik bestera. NATOren kontrolpean zegoen itsasotik iristen ziren jakiak eta armak portura. Hiri guztia suntsituta geratu zen, portua bera ere bai, baina historikoki otomandarren portu afrikar nagusia izan den Misratahko miliziek erasoaldiari nolabait eutsi egin zioten.

Tripoli askoz aiseago erori zen eta ia ez zen liskarrik izan. Bakanetakoa Bab al-Aziziyan izan zen, hiriaren hegoaldean zegoen Gaddafiren egoitzan. Frankotiratzaile batzuk zeuden, baina ez zuten asko eutsi.

Gaddafiren lintxamendua

2011ko gerraren patua erabaki zuen bataila Sirten kokatu zen, Gaddafiren jaioterrian. Setiotik ihes egiten saiatu zen koronela baina hegazkin frantsesek bere zutabea suntsitu zuten.

Hoditeria batean ezkutatuta aurkitu zuten milizianoek. Arma zuen gainean, baina ez zien aurre egin. Hortxe zegoen hilabete batzuk lehenago telebistatik esan zuena bere aurka zeuden «arratoi» guztiak etxez etxe ehizatuko zituela. Hortxe zegoen lehen manifestazioak izan zirenean herritarrei tiroz erantzutea agindu zuena, hainbat urtez boterean egon zena. Hortxe zegoen, libiar askoren artean izua eragiten zuena: ikaratuta, begiak noraezean eta gertatzen zitzaiona ezin ulertuz.

Tratu txarrak eta iraingarriak eragin zizkioten, eta azkenean buruan tiro eginda garbitu zuten. Gaddafiren lintxamendu publikoarekin amaitu zen gerra, erresistentzia foku batzuk kenduta.

Sirte berriro ere

Gerra amaituta, teorian Libiako gizarteak aurrera egin behar zuen, baina, aitzitik, egoera aztoratu egin zen. Boterea eskuratzeko eta herrialdea kontrolatzeko milizien, tribuen eta eskualdeen arteko gerra gordina hasi zen. Inguruko beste herrialdeekin alderatuta ez zen liskar sektarioa izan, ez baitzeuden komunitate ezberdinak bata bestearen aurka borrokan. Hala ere, talde politiko desberdinak ez ziren ados jarri gobernu bakarra osatzeko.

Ezintasun horrek eta kanpoko potentzien esku-hartzeak Libiaren ateak zabaldu zizkion Estatu Islamikoari. EIk Sirte hiria hartu zuen 2014an, gaddafizaleen laguntzarekin. Sirte Al-Baghdadiren kalifa herriaren hiriburu bihurtu zen, Mosulekin eta Raqqarekin batera.

2016an EIren bi eraso suizidarekin hasi zen gatazka, eta orduan erein zen egungo gerra lehertaraziko zuen hazia. Lehen aldiz hasi ziren erabiltzen droneak EIren aurkako erasoaldia prestatzeko mapak egiteko.

Hala ere, lehen gerratik bost urte luze iragan zirenik ere ez zuen ematen. Izan ere, hantxe jarraitzen zuten Toyota pick up-ak, bakoitza bere Duskarekin (sobietar aroko kalibre handiko metrailadore antiaereoak), Dragonovak (sobietar aroko frankotiratzaileen fusilak), PK-k, tankeen aurkako arma eramangarri sobietarrak, AK-k (erasorako sobiet fusilak), T55 eta T62 tanke batzuk (sobietarrak hauek ere). Horrez gain, Errusiako Armadak saltzen dituen Grad misilak jaurtitzeko kamioiak ere ikus zitezkeen.

EIren aukako gerra basatia izan zen eta jihadistek gutxienez 87 Dogma (lehergailuz betetako kotxeak) jaurti zituzten erasotzaileen aurka. Beren buruaz beste egiten zuten amore ematen zutela esaten zuten emakume jihadistek, lehergailuz jositako gerrikoak gainean. Lehergailu tranpez (Booby Traps) josi zituzten hiriaren inguruak.

Askatasunaren egunean hiri barruan zegoen jihadista talde txiki batek amore eman zuen baina bizirik erre zituzten guztiak, Libian kalifa herriaren amaiera kiskaldutako giza haragiarekin «ospatuz».

2019ko apirila

EIren bukaerak ez zuen berarekin ekarri, ordea, milizien arteko gerraren eta familia politikoen arteko liskarren amaiera. Jalifa Haftar jeneralak, Tobruk ekialdeko hirian egoitza duen gobernu alternatiboaren agintariak Tripoliren aurkako erasoaldia hasi du aurtengo apirilean.

Hirugarren gerra hau inflexio puntu berria da Libian, kanpoko potentziak birposizionatu egin direlako. Gainerakoan ez da ezer aldatu. Hori bai, Haftarrek zerua kontrolpean du Arabiar Emirerri Batuen hegazkin militarren laguntzarekin. Baina ezin du Tripoli lurrean bereganatu.

Bazirudien kapaza izango zela, baina aurkariek lurreko gerran duten esperientziarekin (gehienak Misratahko miliziakideak dira eta Sirten aurreko bi gerratan borrokatu ziren) ezinezkoa du eta Tripoliko GNA Batasun Nazionaleko Gobernuak, Nazio Batuen Erakundearen babesa duenak, zutik dirau.

Libia gaur egun xake taula bat da, eta bertan Europar Batasuna (batik bat Italia eta Frantzia), Golkoko satrapiak eta Egipto, Errusia, Txina eta Ameriketako Estatu Batuak lehian ari dira herrialdearen ondasun naturalen gaineko kontrola zeinek hartuko.

Bertako zibilak, aldiz, larrutik ordaintzen ari dira egoera hori. Milaka izan dira hildakoak, duintasunez bizitzeko aukerarik eskaintzen ez duen herrialdean.

 

Errusia eta Turkia, aurrez aurre baina zeharka

Haftar mariskalak Tripoli bereganatzeko hamaikagarren ofentsiba iragarri zuen aurreko astean, baina frontea ez da ia-ia mugitu ere egin.

Bere Libiako Armada Nazionalak (ANL) eta ekialdeko tribuek mendebaldeko milizien babesa lortzen ez duten bitartean, ez dute aurrera egingo, miliziek dutelako kontrolpean Tripoli ingurua.

Are gutxiago Misratahko milizia jaioak aurrez aurre dituztenean. Eta hauek ez dute Tripoliko GNA gobernua maite, baina Haftarri benetako gorrotoa diote.

Gerraren baitako enpate tekniko honetan, nazioarteko potentziak fitxak mugitzen hasi dira. Arabiar Emirerri Batuekin, Saudi Arabiarekin, Egiptorekin eta Frantziarekin batera Haftarren alde ari den Errusiak ehunka mertzenario (800 bat, Tripoliren esanetan) bidali ditu bertara, dirulaguntzekin eta armekin batera. Halere, Putin ez da batere inozoa eta GNArekin ez du harremana erabat eten, gerra nork irabaziko zain. Tripoliko GNA eta agindupean –soldatapean– dituen miliziak ere ez dira gai Haftarren ANL garaitzeko, Italiaren, Qatarren eta Turkiaren babesa duen arren.

Azken herrialde hori, batez ere Misratahko gobernua babesten duena, Tripolira soldaduak bidaltzeko prest azaldu da, ordainetan GNAk Zipre eta Libia inguruko itsasoan dauden gas meategiak ustiatzeko baimena emanez gero.