«Zoragarria zera zu»

Ia beti adimen artifizialari eskatzen diot DJ lanak egin diezazkidala kotxean, etxetik lanerako eta lanetik etxerako bidaian. Ondo ematen diot jaten, eta bete-betean asmatzen du: Olaia Intziarte, Gorka Urbizu, Zetak, Silvia Pérez Cruz eta Salvador Sobral, Ibil Bedi, Imanol Larzabal. Gaur, ordea, auskalo zer konexio neuronalek eraman nauen iragan oso aspaldiko batera, desagertutzat neukan doinu baten bila. Horrela ekarri dut buklean, ezpainetara, “Xurian xuri”, Ganbara taldearen bertsioan.

Gera ninteke bizitzen malenkonia gozo hori darien doinuetan. Kantuak norbaiti erreparorik gabe aitortzen baitio miresmena, edo maitasuna, edo kariñoa, edo dena batera, ahobizarrik eta erreparorik gabe, trukean ezer eskatu gabe: «zoragarria zera zu». Hitz ezohiko samarrak, bizi dugun mundualdi honetan.

Izan ere, barrunbeetan kabitu ezina eta adierazia izatearen garrantzia ez ote diegu soilik sentsazio negatiboei lotu? Ez ote dute kanporatuak izateko behar bertsua emozio positiboek ere? Ez ote zaigu odolbildu emozional bat (gehiago) sortzen gure diafragmaren auskalo zein tokitan, norbaiti oparituko genizkiokeen hitz onberak geure baitarako gordetzen ditugunero? Zergatik ote dugu astakeria sozialtzat odolak edo maitasun normatiboak lotzen ez gaituztenei zoragarriak, edo atseginak, edo bizkorrak, edo maitagarriak direla adieraztea?

Uste dugu (edo sinetsi nahi dugu) gero eta jantziago gaudela adimen emozionalean, baina, oraindik ere izua bakarrik pizten digu zaurgarritasunak, gure bihurgune denen mapa bat marrazteak. Eskerrak horrelakoetan (ere) gorputzak gehiago hitz egiten duen hitzen partez; are, begiek ere hitz egiten duten ahotsaren partez, ia kolorez aldatzeraino. •