Azal gogorrekoa
Koaderno bati kontatzen dizkio, kontatu ezin direnak. Eskuak eta boligrafoak aldatzen diote izena berez bakarrizketa litzatekeen ihesbide bati, eta, paradoxikoki, tintak betikotu egiten ditu inoiz bere burmuinetik kanpo nahi ez lituzkeen kontuak eta komeriak.
Gero, tarteka, atzera egiten du orrialdeetan, eta azal-eztarrian duen aldartera nondik iritsi den irakurtzen. Letra txukunez daude gauza batzuk. Idazketa narrasagoaz, mami emozional gehiegizkoa izan duten egunetako lerroak; burua eskuari eskatuz joan dadila bere erritmo berean.
Galdera da, ea benetan dena azal gogorreko koaderno laukizuzen horrek bakarrik ezagutzen ote duen. Ba ote duen zentzurik erraiak zabaltzea bihotz-taupadarik ez darion input bati, objektu bati. Zergatik lekukotu nahi izaten ditugun nonbait garai hitsak, itoak, biziak, dagokigun tokitik ateratzen ari garela sentitzen dugunekoak. Gure senezko sentimenduen, erraietakoenen lemari eustea lortu genuela noizbait ospatu ahal izateko, akaso?
Koadernoa, koaderno klase hori, bada intimitate oso baten mugen mapa. Baina, aldi berean, intimitate horren guztiaren aitortza idatzizko bat, fantaseatzen duena, agian, berrogei urte barru ganbara bateko kaxa batean norbaiten eskutik aurkitua izatearekin. Genealogia emozional bat sortzeko saiakera; antsietate kolektibo hau etorkizunari azaltzeko lekukotasun historiko bat. «Arnasa hartzeko eskubidea behar genuen; hori guztia eta besterik ez».
Berak oraindik ez dakien arren, koadernoa bihotza nola bigundu eta azala nola gogortu zitzaion ikusaraziko dion ispilua da. •
