Aitzpea LEIZAOLA
MARKINAKO HARTZA

Naturaren izaera basatia

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Egutegi paganoaren oroigarri ditugu inauteriak Europa guztian zehar. Ilargiaren araberako egutegi zaharra azalarazten da inauteri ospakizunen atzean, kristautasunaren sinkretismopean mozorroturik. «Kandelario bero, negua gero; Kandelario hotz, negua motz», dio esaera zaharrak.

Hainbat herritako inauterietan topatzen dugu hartza. Beste mozorro guztien gainetik, izaera basatiari egiten dio erreferentzia zuzena. Ohikoak dira animalia askotarikoen errepresentazioak euskal landa eremuko inauterietan, izan pertsonaia itxuran, izan animalien portaera edo ezaugarrien bidez, izan zuzenki animalia atalak giza gorputzera lotuta; ardi larruak, oilar edo zapelatz lumek, azeri buztanak edo zerri maskuriak, benetako edo irudikatutako, guztiek egiten diote erreferentzia naturari, eta bereziki basa izaerari. Hartza da horren erakusle behinena.

Ituren eta Zubietan, Arizkunen, Donostiako kaldererotan, Zuberoako maskaradetan -ez beti baina-, eta Markinan, guztietan hartzak protagonismo berezia du. Kasik hiru hamarkadaz Hartzaro Festibala antolatzen dute inauterien kari Errobi bazterretan, Uztaritzen. Zenbaitetan ikaragarri basa ageri da, besteetan gizakiaren mendean, katea motzean lotuta, hartz hezitzailearen esanetara. Hala gertatzen da Markinan, non hartz hezitzaileak ardi larruz estalitako hartz galanta dantzaraztea duen helburu. Goizuetan bezala, zahagi dantza da aratusteetako ikuskizun nagusia. Egun antzara jokorik ez da egiten gehiago. Baina katetik libratu eta ihes egiten du hartzak, ikusleak izutuz aratuste domekaz, Markinako kaleetan barrena.

Pirinioetan zehar, otsailaren 2a data seinalatua da; hartza neguko lozorrotik esnatzeko egun gisa ohoratzen da. Badira Pirinioetako mendilerroaren bi aldeetan hartza iratzartzearen inguruko kondairak eta errepresentazio ugari, kristautasunaren aurretik bizitza ilargiaren araberako egutegiak antolatzen zen garaia oroitarazten dutenak. Hartzak ilargirik gabeko zeru beltza ikusten badu, puzker egin eta lo segitzen du. Udaberriaren esperoan egon beharko dugu.