Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
3 BEGIRADA:

Ikasi izanaren itxura

Ikasle oldea, egunotako selektibitate azterketetan.
Ikasle oldea, egunotako selektibitate azterketetan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ez dira gutxi izan azken bi hamarkadotan teknologia berriak deitu direnak laudatu dituztenak. Behin eta berriz gertatu da. Irratiak erabat aldatuko zuen eskola. Telebistak berdin. Ondoren ordenagailuek eta gero Googlek eta Youtubek -bai, korporazio izenarekin-: zertarako erakutsi Googlen bilatu badaiteke, zergatik azaldu Youtuben ikus badaiteke? Ageriko arazoak argia dirudi, pixkatxo bat arduratu eta ikusten badugu teknologiak noren esku dauden -gogoratu Marxen maxima hura, noren esku dauden ekoizpen baliabideak, eta, ondorioz, noren interesak aldezten dituzten-.

Lehen ikerketak Youtuberekin egin ziren. Informazio bat bilatzen duzunean, algoritmoaren helburua ez da iritzi ezberdinak, kritikotasuna, argudiaketa... indartzea. Kontrakoa egiten du: “berreste isuria” deitzen dena indartzen du. Behin lurra ea zapala den galdetzen baduzu, gero eta eduki konspiranoiko gehiago eskainiko dizkizu. Berdin migrazioari buruzko berriak ikusten badituzu: eskuin muturreko mezuak agertuko zaizkizu.

Pentsatzea dena Interneten dagoenez -hitzez hitz esan didate niri hori- irakasleok egin behar duguna bilatzen irakastea dela, sareak nola funtzionatzen duen ez ulertzea da. Bilatzen ikastea, modu abstraktuan, ez baita irakats daitekeen zerbait. Nik dakidan gauzei buruz bakarrik topatzen dut informazio ona. Ez dakizkidanei buruz, batek daki. Irakasleoi errepikatu zigutenez, kontrol zerrenda modukoak erakustea zen asmoa: web orriak logotipoa eduki dezala, ez dezala iragarkirik izan, letra tipo bera izan dezala, oin-oharrak egotea... Hau da, informazioak fidagarri itxura izatea. Forman gelditzea. Baina kalitatezkoa ez du itxurak izan behar, edukiak baizik.

Ikasleak produktuak sortzera jarri behar genituela errepikatu digute gogaitu arte: pista jolas bat, aurkezpen bat, podcast bat... Baina helmuga guztiz desbideratu du horrek. Asmoak ez luke behar produktu bat egitea, asmoa horren bidez zerbait ikastea da. Eta produktua, hau da, itxura, ebaluatzeak ez du halakorik bermatzen. Bide hari kontra egin genion irakasleak aspergarritzat eta atzerakoitzat hartu gintuzten. Non eta bide hura jarraitu zutenak erabat larritu diren orain, bat-batean. Adimen artifiziala erabilita, izugarrizko fidagarritasun itxura duten produktuak entregatzen dituzte ikasleek. Segundo gutxi batzuk behar dira Mary Wollstonecraften bizitzari buruzko hiru minutuko podcast gidoia sortzeko. Jakitun gainera, nola funtzionatzen duen adimen artifizialak: fidagarri itxura eskaintzea, gure gozagarri izatea.

Alfonso Sanchez dibulgatzaileari irakurri berri diot, Burdin Aroko herrixka baten irudi egokia sortzen saiatu zela adimen artifizialarekin, ikerketa arkeologikoetan oinarrituta. Hamarnaka saiakera egin zituen, franko saiatu ere. Akatsak behin eta berriro agertuta, ezinezkotzat jo zuen azkenean. Nahiz eta irudiak oso politak eta fidagarri itxurakoak ziren. Eztanda egin du, oso denbora laburrean, proiektu-produktuetan oinarritutako hezkuntza tekno-utopikoak. Adimen artifiziala erabiltzeak “ikasi duten itxura” eskaintzen baitie ikasleei. Itxura besterik ez; denbora alferrik galtzea da. •