Oihana Llorente Arretxea
infraganti

GEORGINA HOWARD

Iturenen berdez tindatutako tontorren artean eraiki du Howardek habia. Frantzia, Italia, Groenlandia, Danimarka zein Afrika ezagutu ostean iritsi zen guregana eta gurekin ari da bere ametsa errealitate bihurtzen. Kulturarteko animatzailea da eta talde dinamikak norberarengan zein ondokoarengan uzten duen aztarna ikertzea du pasio.

Britainia Handia du sorterri Georgina Howardek (1965), baina, ipurterrea izanik gaztetatik, munduari bira eman dio bere-berea egin duen parajea aurkitu arte: Ameztia, Iturengo mendi puntan hemeretzi biztanle dituen landa giroko auzoa. Hamabost bat urte daramatza gure artean eta gurekin egikaritzen ari da bere bizitzako ametsa.

Kulturarteko animatzailea da eta munduko txoko desberdinetako turistei egiten die harrera. Euskal Herria ezagutzeko asmoaz gainera, euren burua eta gainontzeko taldekideen kultura eta hizkuntza deskubritzeko bokazioz datoz bisitariak eta Howardek, anfitrioi gisa, bere esku dagoen guztia egiten du euren egonaldia ahalik eta ederrena izan dadin.

Nola iristen da, baina, ingeles bat Ameztiako mendi puntara? Ez da bidaia makala izan, aurrez Italia, Frantzia, Danimarka, Groenlandia ala Afrika moduko geltokiak izan dituelako. Has gaitezen, beraz, hasiera-hasieratik: Birminghamen (Ingalaterra) bizi eta Nazioarteko Marketineko ikasketak egin ostean, bere pasio diren hizkuntzetan trebatzen hasi zen, frantsesa, alemana eta italiera ikasiz. Jakintza horiek bizitzako maletan sartu eta hegoak astintzeari ekin zion.

Italian, Frantzian zein Groenlandian eraiki zituen lehendabiziko habiak, eta ingeles irakasle aritu zen lurralde horietan guztietan. Bereziki gogoan du eskimalekin partekatutako hilabetea eta bertan zabaldutako lehen hizkuntza eskola. Afrikatik ere igarota, Danimarkan porturatu zen 24 urterekin, Kopenhagen zehazki.

Bertako aireportuko aldizkarian aurkitu zuen beharra, kazetari lanetan. Ingeleseko klaseak, baina, ez zituen erabat baztertu eta Espainiako enbaxadako funtzionarioak hartu zituen ikasle. Haiekin piztu zitzaion kulturarteko harremanekiko interesa eta hor kokatzen du Georginak berak Euskal Herrira ekarriko zuen bidaiaren abiapuntua.

Talde dinamiketan oinarritutako jokoak ere bihurtu ziren Howarden interesgune Kopenhagen; oso bestelako hizkuntza eta kulturak dituzten lagunek norberarengan eta euren artean duten eraginak erakarrita. Harreman horiek ikertzen aritu zen Kopenhagen eta lanaren uzta bi liburu hauetan utzi zuen iltzatuta: “Freedom to choose” eta “Breaking the Language Barrier” –“Erabakitzeko askatasuna” eta “Hizkuntzaren muga hautsi” hurrenez hurren–.

Lehen obran norberaren ametsak helburu bihurtu eta nola bete zehazten du Howardek. Behin teoria ikertuta eta paper gainean ipinita, praktikara jauzi egiteko ordua iritsi zitzaiola ulertu eta Kopenhage atzean uzteko erabakia hartu zuen. «Eskandinaviaz apur bat aspertzen hasita nintzen, nahiz eta nire lagun kutun gehienak daniarrak izan. Nik ‘zorigaiztoko erosotasuna’ kontzeptua erabiltzen dut hango egoera zehazteko –hasi da azaltzen–. Ez dago ez abenturarik, ez pasiorik, ez deus! Iruñean zezenen aitzinean korrika jartzen diren bitartean, Kopenhagen ez dute errepidea gurutzatuko semaforoa berde izan eta bi aldeetara begiratu arte! Sistemak oso ondo funtzionatzen du, eskolek, zerbitzuek... baina bat-batekotasuna falta da, giza grina edo alaitasuna».

Nora joan ez zekiela, Espainiako enbaxadan aurkitu zuen bere oasia. «Soinua zegoen, zarata, pasioa, algarak... Bertan konturatu nintzen, Europa hegoaldea ezagutu behar nuela», dio.

Bere ametsaren atrezzoa deskubrituta, hizkuntza eta kultura desberdinak dituzten pertsonak elkartu eta hizkuntz eta kultura truke hori egiteko metodoa behar zuen. Bere sorterrian eta mendi ibilbideetan aurkitu zuen. «Galesen orientazio ikastaro bat egin nuen, eta, bertan ohartu nintzen, naturak inguratuta eta ibiliaren ibiliaz, jendeak batzeko ohitura duela. Gure artean inolako harremanik ez genuen bost pertsona ginen, eta, orduak pasa ahala, hitz eta pitz ari ginen; sekulako harremana sortu zen gure artean. Mendiak batu egiten du!», azaldu digu.

Behar zuen osagaia aurkituta baina gaztelera deus ezagutu gabe egin zuen Estatu espainolerako bidaia, bolantea eskuin aldean zuen auto zahar batean. Hamazazpi urte igaro dira mendia eta bero gehiegi egiten ez duen klima baten arrastoaren atzetik Euskal Herria aurkitu zuenetik. Non zegoen apenas jakin gabe gelditu zuen autoa eta imintzioka lortu zuen landetxe bat alokatzea. Bere ametsaren lehen geldiunea izan zen.

Baztanen lehenengo, eta Iturengo Ameztia landa auzoan ondoren, bizilagunen berotasuna da sentitu duen lehendabizikoa. «Euskal herritarrek nire ametsa betetzen lagundu didate. Bizilagunek hasiera-hasieratik onartu eta lagundu naute, erabat esku zabal gainera. Zubialdea eta Sunbillanea baserrikoak nire familiakoak modukoak dira», dio esker onez.

Landa eremuan bizitzen ikasi behar izan zuen hirikumea den Howardek. Baztanen hiru urte eman ostean, Ameztian borda txiki-txiki bat erosi zuen. «Komuna ere kanpoaldean zuen, baina bertako parajeekin erabat maitemindu nintzen», dio Ameztia zapaldu zuen lehen eguna gogora ekarriz.

Bertan erditu zuen bere alaba, Marion, baina hilabete gutxira alabaren aitarengandik banandu eta bakarrik hezi behar izan du. «Pentsa, Ingalaterratik etorritako ama ezkongabe bat!», dio barre artean.

Gurean jakin du lanaren balioa izugarria dela euskal herritarren artean: «Langilea bazara, berdin dio zure koloreak, hizkuntzak, sexuak, diruak... Emakumea izatea ez da inoiz traba izan, kontrakoa esango nuke; alaba bakarrik hezi izan dut borda horretan eta denen errespetua lortu dut horrela».

Kontraste handiko bizitzari aurre egin behar izan zion Euskal Herrian, hiriko eta mendi tontorreko aldea ez baita makala. Bizilagunen laguntza hasieratik izan zuen eta orduak eman ditzake laguntza hori azaltzen. «Bizilagunek baratzeko barazkiekin goizero egiten zuten purea eta egunero-egunero atean zintzilikatzen zuten apur bat, Marionentzat. Txiki-txikia zenean ere, lan egin beharrean nengoen eta taldeekin mendi ibilbidetan nengoela bizilagunek atseden lekuetara eramaten zidaten umeak titia har zezan», azaldu du hunkituta.

Elurra egin eta etxetik atera ezinean egon denean, autoa sakanetik behera erori zaionean ala etxean arratoiak aurkitu dituen bakoitzean etorri zaizkio bizilagunak. «Zertarako nahi dugu telebista guk bizilagun ingelesa edukita?», esaten omen dute bere bizilagunek, harekin aspertzen ez diren seinale.

Haiengandik jaso duen babesa eta maitasuna izugarria izan da eta etengabe nabarmentzen du esker onez. Georgina, baina, bizilagunengan ere aztarna utzi duelakoan dago, bizilagunen ohiturengan eragina izan du eta. Iturengo etxe batean baino gehiagotan egiten dira, adibidez, ingeles jatorriko pintxoak, Marionen eskolan probatu eta arrakasta izan dutelako. Thailandiako currya, te ingelesa ala gazta ingelesak ere moda modan daude Ameztian, eta, edozein ezustekoren aurrean, «oh my God!» omen diote bertako baserritarrek.

Ezaugarritzen duen umore onarekin azaldu ditu Howardek anekdotok eta konbentzituta dago bisitariek eragina dutela Malerrekako herri honen joan-etorrian ere. Idatzita dituen liburuei, www.pyreneanexperience.com blogari edo ahoz ahoko transmisioari esker ezagunak egin dira Howarden txangoak, eta, hala, Australiatik, AEBetatik, Japoniatik ala Britainia Handitik datoz turistak. Mendi ibilbideak egiteaz gainera, sekulako eskaintza kulturala prestatzen die bisitariei. «Bizilagun zaharren ahoetatik kontrabandisten istorioak entzun eta bide batez gaztelera ezagutzen dute. Euskal musika ere presente izaten da eta bisitariek maiz bukatzen dute bizilagunen baserrietan taloak egiten ala arkumetxoak jezten», azaldu digu kontent. •