Garazi Goia
koadernoa

Denek ez dituzte entzuten

Sare sozialen mugimendua hasi zenean ez ninduen erakarri sortu zen zalapartak. Nire lagunen artean, Facebookeko konturik ez daukan gutxietako bat izango naiz. Onartu behar dut jada herdoiltzen ari den diskurtso bat daukadala nire arrazoiak justifikatzeko orduan eta behin baino gehiagotan izan dudala tentazioa kontu bat irekitzeko; baina, momentuz, nire horretan jarraitu dut eta orain arte iraun badut, zailena egin dudala uste dut, Facebook zaharkitzen hasita dagoen irudipena daukat-eta. Sare sozialekiko menpekotasuna gainditzeko abstinentziaz hitz egiten zidaten batzuek eta ez nuen ulertzen zertaz ari ziren. Twitter deskubritu nuen arte. Erabiltzaile pasiboa naiz batez ere, baina harrapatzen nau eta behin sartzen naizenean konturatzerako ordu bat erraz pasatzen zait. Horrela topatu ditut iritzi interesgarriak partekatzen dituzten ezezagunak. Haien jarraitzaile egin naiz, erosoa egiten zait nire aukera izan dela jakitea (hamabost urtez ikusi ez ditudan ezagunak lagunak direla aldarrikatzea baino erosoagoa adibidez).

Ihsan Eliacik idazle eta Islamista Antikapitalistak mugimenduko kidearen twitterreko jarraitzaile egin nintzen duela astebete lagun Turkiar baten gomendioz, pasatu den astean Turkiako lehen ministro den Erdoganek twitter blokeatu zuenean.

Pasatu den azaroan, Gezi parkeko manifestazio eta protestetan microblogging sarean gobernuari buruzko iritziak eta kritikak azaldu zituenean, Eliaciken twitterreko jarraitzaile kopurua 70 milatik 200 milara igo zen. Ordutik bere aurkako salaketak jarri dituzte Erdoganen gobernuko ordezkariek eta askotan saiatu dira Eliacik isiltzen. Batzuetan pentsatu izan dut, Turkiako Justiziak erruduntzat hartuko balu, bere jarraitzaile izateagatik edo berak egindako txio bat bidaltzeagatik ere errudun bihurtuko ote gintuen bere 200 mila jarraitzaile garenak.

Aurreko astekoa ez da Erdoganek oinarrizko eskubideak urratzen dituen lehenengo aldia. Alkohol, homosexualitate eta abortuaren inguruan gizartea polarizatu nahi izan du hainbat alditan. Sinesgaitza dena, ordea, twitter errotik erauztea dela bere helburua jendaurrean esateko atrebentzia izatea da, eta lasai gelditzen dela, lurralde moderno bat eraikitzen ari den erretorika manipulatu horren azpian. Nire lagunaren hamabi urteko alabak, Abdul Hamid sultana boterean zegoen garaiari buruzko ikasgaia izan omen du eskolan. Horrela entzun du lehenengo aldiz adierazpen askatasuna eta autokrata kontzeptuei buruz; hain zuzen, Abdul Hamiden aginte garaian, informazioaren kontrol estua egon zen Turkian eta jarrera zentsuratzaile anitz izan zituen hainbat egunkari eta informazio iturriren aurka.

Nire lagunaren alabak ez daki zer den adierazpen askatasuna, baina bitxia iruditu zait egin duen azterketa. Amari galdetu dio ea jendeak nola egiten zuen protesta telefonorik ez bazeukaten. Kalera atera eta manifestazioak egitea ere debekatuta baldin bazeukaten, beraien mezuak bidaltzeko zer egiten zuten galdetu dio. Zaila da hamabi urteko haur batek ulertzea zein larria den egunkari bat ixtea, zein larria den jendeari bere ideiak libreki azaltzeko eskubidea oztopatzea. Baina adierazpen askatasunaren esanahia zein den ez dakien arren, badaki twitter nola erabiltzen den eta badaki mundu guztira zabaldu daitezkeela bertan jarritako hitzak. Agidanez, gaur egun Turkiako populazioaren %15 da twitterreko erabiltzaile (nire lagunaren alaba barne) eta Erdoganek ez du lortuko jende hori guztia isilaraztea. Hori frogatu dute aste honetan. Hala ere, kontua da, Erdoganen jarraitzaileen gehiengoa, erlijio zale eta kontserbadoreak gehienak, ez daudela %15 horretan. Ez da beraien lehentasuna telefono moderno eta sare sozialen erabilpena; eta, hurrengo hauteskundeak iristen direnean, ez dira gogoratuko lehen ministroak behin eta berriz egin dituen eztabaida eremua mugatzeko saiakera diktatorialez. Akaso Erdoganek horregatik egiten ditu horrelako adierazpenak lasaitasunez, badakielako bere botoen gehiengoari eutsiko diola, txioak ez direlako denen belarrietara heltzen. Hori da benetan kezkagarria dena. •