Amalur Artola
infraganti

ZIORTZA ZARAUZA

Hamarkada pasa darama Zarauzak Donostiako estetika eta ile-apainketa eskola batean irakasle lanetan. Zentroak 25 urte betetzen dituela-eta zerbait berezia egin behar zutela pentsatu eta hala erabaki zuten The Style Master lehiaketara aurkeztea. Estatu espainoleko txapela jantzita, Lisboan jokatuko den munduko txapelketan da orain.

ZIORTZA ZARAUZA
ZIORTZA ZARAUZA

Hamazortzi urte zituela erabaki zuen Ziortza Zarauzak jaioterri duen Bilbo utzi eta ikasketak Donostian jarraitzea, aitak gidatzen duen Beta estetika eta ile-apainketa eskolan. Formakuntza jasota, zenbait urtetan inguruko ile-apaindegietan aritu zen lanean eta, apurka-apurka, irakaskuntzaren munduarengatiko interesa ere erakutsi zuen. Betan klase solteak ematen hasi eta, dagoeneko, hamarkada da bertan lanordu osoz lanean ari dela, egun ikasketa buru eta hasiberrien tutore gisa. «Ez naiz sekula ikasle zintzo horietakoa izan eta, oraindik ere, nire lagunek ez dute guztiz sinesten irakasle gisa nabilenik», dio, irribarrez, sinesgaitz aurpegiaz koilararekin kafeari bueltak ematen dizkion artean.

Gustuko du bere lanbidea. Ile-apainketak artearen munduan duen lekua aldarrikatzen du, baita irakaskuntzak jakintzaren transmisioa den heinean duen balioa ere. Eta bere «bi pasioak» uztartuta lan egin ahal izatea oparia dela dio: «Egun, lana izate hutsa izugarria da, baina, gainera, zuk gustuko duzun horretan jardun ahal izatea... Hori loteria tokatzearen parekoa da».

Eskola 25 urte betetzeko puntuan zegoela, urteurrena ospatzeko zerbait berezia egiteko gogoa piztu zitzaien, eta, hala, The Style Master estetika eta ile-apainketa lehiaketara aurkeztea erabaki zuten. Txapelketa gaztea da, orain lau urte sortua, baina, Zarauzak argitu digunez, dagoeneko bere lekua egina du estetikaren munduan: «Ile-apainketako Goyak dira, gure lanbidearen barnean sekulako oihartzuna izaten dute eta garaile suertatzen dena munduko estetika zentro eta eskoletara deitzen dute, ikastaroak eta abar eman ditzan».

Aurten, 27 herrialde ezberdinetako 1.200 ile-apaintzaile aurkeztu dira lehiaketara. Lehen fasean, norberak dagokion herrialdeko lehiaketan hartu behar du parte; bigarrenean, herrialdeko finalak jokatzen dira; eta, hirugarren fasean, antolakuntzak herrialdeko finalisten artetik bederatzi ile-apaintzaile hautatzen ditu munduko finala joka dezaten. Estatu espainoleko lehiaketa bere egin ostean, bihar eta etzi Lisboan izango da Zarauza, beste zortzi finalistekin batera munduko lehiaketa jokatzeko. Nerbioak airean dituela aitortzen du, baina esperientziatik ahalik eta gehien ikasten eta une guztiez gozatzen ahaleginduko dela dio, «baita urduritasunaz ere».

Itsasoko ninfak inspirazio iturri

Ametsetatik ateratakoak dirudite Zarauzak lehiaketara aurkeztu dituen hiru orrazkerek. Ezinezkoak. Askok ez lukete sinetsiko lerroon gainaldean dauden horiek estentsio eta ileorderik gabe eginak direnik. Baina hala da. Zin egin digu: «Antolakuntzak debekatu egiten ditu. Lisboan zuzenean egin behar ditugu orrazkerak eta, hori jakinda, txorakeria galanta litzateke argazkiak egiteko unean ileordeak erabiltzea, zuzenekoan antzemango litzatekeelako».

Itsasoko ninfak izan ditu Zarauzak inspirazio iturri, «izaki eder eta dotoreak direlako, horren bikainak... Haurtzarotik izan ditut gustuko. Mitologiako istorioak ikaragarri ederrak iruditu izan zaizkit beti. Orrazkerak osatzerako orduan, ilea apaintzera hiru sirena etorriko balitzaizkit zer egingo nieken pentsatzen jardun nintzen... eta hau atera zait», azaldu du.

Hirurak osatzeko teknika bera erabili duela kontatu digu. Plantxekin ilea frisatu (sigi-saga egiten duela jarri), eta, hura orraztean, zeharo harrotua geratzen dela azaldu digu, «afro itxuran. Horrela errazagoa da maneiatzea, ile masa modelagarria duzu eskuartean, eta errazagoa da eskulanak balira lez lore-hostoak, olatuak eta abar sortzea. Teknika horrekin bururatu zaizkidan hiru egin ditut nik, baina milaka aukera ezberdin daude».

Lehenerako (irudian ezkerrean agertzen dena), puxika bat erabili du Zarauzak. «Itsasargia irudikatu nahi izan dut, marinelak gidatzen dituen egitura delako. Gainera, nire sustraiak Plentzian daude, marinel herri batean. Puxika airez bete, gako batekin buruari erantsi eta poliki-poliki ilez estaltzen dut. Lehen aipatutako teknika erabilita eta laka piloaren laguntzaz, gogortu egiten da orrazkera eta, behin egonkortuta, orratz batekin puxika leherrarazi eta plastiko zatiak garondoan libre uzten dudan zulotxo batetik ateratzen ditut». Hala lortzen du erabilitako materialen arrastorik ez uztea. Egitura horren azpian, itsasoko uhinak irudikatu ditu.

Puxika zulatzean orrazkerak ez gainbehera egiteko «froga asko eta asko» egin behar izan dituela dio, baina, behin lortuta, ikaragarri gustura dagoela emaitzarekin. «Lisboako finalean orrazkera bat egin behar dugu zuzenean eta, hau da, ziurrenik, bertan egingo dudana... ausartzen banaiz behintzat!».

Bigarrenak (irudian, erdian) dirudi sinpleena, baina hark ere eman dizkio lanak. Modeloaren ilea aske utzi, uhin batzuk egin eta, detaile gisa, arrosa bat sortu nahi izan du Zarauzak. Diseinua osatzeko zenbat ile-plaka beharko zituen jakiteko, kartoi meheak izan ditu lagun. «Ezin nuen modelo bat horrenbeste denboraz geldirik eduki, eta zenbat plaka beharko nituen eta horiek nola tolestu erabakitzeko kartoi mehea erabili dut. Gustuko diseinua eraikitzean hasi nintzen probak ilearekin egiten». Baina modeloekin lan egitea azkeneko pausoa izan dela dio: lehenik eta behin, eskolan zuten maniki bat bereganatu, ilea argazkietan agertuko zen modeloaren erara moztu eta orduak eta orduak eman ditu hura orrazten. «Bazkalorduak eta larunbatak erabili ditut entseguetarako, eta ikasleak zur eta lur geratu izan dira eskolan batere ohikoak ez diren puxika, kartoi eta halakoekin batera eta bestera ikusi nautenean. ‘Baina... zertan ari zara?’, galdegiten zidaten». Izan ere, iaz udako oporraldien aurretik hasi zen Zarauza diseinuak osatzen eta argazki saioa abenduan egin zuten. «Dirudiena baino lan gehiago dago orrazkera horien atzean. Azkenak ere, maskor handi bat dirudienak, itsasontziek brankan izan ohi duten sirena irudikatu nahi du eta hura ere ez zitzaidan berehalakoan atera! Ideia asko izan ditut eta horiek frogatzeak denbora eskatzen du, batzuk ez zaizkit ondo irten eta beste batzuk ez dira nik uste bezala geratu. Bolaren azpialdeak, adibidez, hasieran ostrukaren habia zirudien... Baina, oinarria edukita, errazagoa da lan egitea».

Aitaren egun borobila

Aitaren eskolan egiten du lan Zarauzak, eta The Style Masterreko antolakuntza harekin jarri zen harremanetan alabari sorpresa eman eta lehiaketa estatala irabazi zuela iragartzeko. «Aitaren Eguna zen. Harreratik deitu zidaten eta, eskailerako bihurgunea hartu bezain laster ikusi nituen Revloneko [lehiaketa marka horrek antolatzen du] nagusiak, kamerak, lore-sorta, mikrofonoak... Buelta eman eta berriro beherako bidea hartzeko gogoa izan nuen! Horren urduri nengoen zer esan zidaten ere ez dudala oroitzen! Irakasle guztiak irten ziren, ikasleak ere liburu eta orraziak utzi eta zer gertatzen zen ikustera inguratu zitzaizkigun... Oso polita izan zen, gainera aitak erakutsi zidan ofizioa eta polita izan zen berarekin ados jarrita etorri izana, Aitaren Egunean gainera. Sari bikoitza izan zen».

Irudi horiek bihar jarriko dituzte Lisboan, 2014ko The Style Master lehiaketako munduko finalean. Urduri eta emozioz gainezka dagoela dio Zarauzak, baina, bertan gertatzen dena gertatuta ere, dagoeneko garaile sentitzen dela dio: «Ez al da ba garaile izatea 1.200 estilista aurkeztu diren lehiaketa batean bederatzi onenen artean geratu izana?». Estatuko garaile izate hutsak pozez betetzen duela dio, are gehiago sari hori lortzen duen lehen emakumezkoa eta finalera iristen den lehen irakaslea dela kontuan hartuta. «Ilusio handia ematen dit irabazlea neska izateak. Gizonek ere oso ondo egiten dute, baina ile-apaintzailearena tradizionalki emakumeen lanbidea izan da eta emakume ile-apaintzaile anonimo asko dagoen bitartean glamour guztia gizonezkoentzat izan ohi da. Nire amama, esaterako, beti ibili zen etxez etxe ile-apaintzaile lanetan. Orduan, guregatik topa egiteko modu bat da». Aldi berean, finalera iristen den lehen irakaslea da eta horrek ere adorea ematen diola dio. «Badirudi hezitzailearen lana gutxiago baloratzen dela, ile-apaindegiko estilistak sormen eta arte gehiago duela dirudi, eta hori ez da egia. Ni, adibidez, ile-apaintzailea naiz eta harro nago, baina benetan asetzen nauena irakastea da. Hona etortzen diren gaztetxoei zuri horrenbeste gustatzen zaizun hori transmititu ahal izatea ederra da».

Lisboa gogoan

Bihar eta etzi jokatuko da The Style Masterreko finala, Lisboa Portugalgo hiriburuan. Sariketak lau mila pertsona inguru bilduko ditu eta Erakusketa Unibertsalerako eraikitako pabilioi bat alokatu du antolakuntzak. Glamour eta galarik ez da faltako. «Bezperan, igandean, afari bat egiten da eta herrialde bakoitzeko finalista omentzen da. Eta gala nagusia astelehenean da. Oso urduri nago, eta, gainera, Youtuben aurreko urteetako finalak ikusten aritu izana okerrerako izan dela uste dut... Agertokia izugarri handia da eta uste dut oso txiki ikusiko naizela horrenbeste jenderen artean, takoiekin ez estropezu egitea espero dut!». Printzipioz lehen orrazkera, itsasargiarena, egiteko asmoa du Zarauzak eta horretarako bi ordu eta erdi beharko dituela aurreikusten du. «Kamerino bat jarriko digute bakoitzari eta ia dena bertan egingo dugu, backstage horretan; agertokian azken ukituak soilik eman behar ditugu», azaldu du, eta puxika bertan zulatzea baloratzen ari dela aurreratu du: «Ez dakit, ez dakit... Nahi dut, ez dut uste orrazkera eroriko zaidanik, baina... urduritasuna etsai handia izan ohi da».

Galaren osteko «festatzar itzela» hasteko irrikatan dagoela ziurtatu du Zarauzak eta, irabazi edo ez, ez dela handik esku hutsik itzuliko ziurtatu du: «Honaino iritsi izana, backstage horretan egotea, mundu honetan dabilen jendea ezagutzea… Nik dirutza ordaindu izan dut bertan egongo diren batzuen ikastaroetara joan ahal izateko. Eta, orain, haien ondoan egongo naiz. Hori, jada, sari izugarria da niretzat». ·