Oihana Llorente
infraganti

DANI FANO

Buruan pizten zaizkion istorioek margo poteekin zein bitarteko digitalekin hartzen dute forma. Komikigilea da Dani Fano eta ia hamarkada bat darama «Xabiroi» komiki aldizkariko koordinatzaile gisa. Genero txikitzat jotzen den komikigintzaren ateak zabaldu dizkigu eta fantasiaren edota oroimen historikoaren bideak ibili ditugu eskutik hartuta.

Dani Fano
Dani Fano

Ulertua izateko obsesioak zirikatuta, marra garbiekin azaltzen ditu burmuinean pizten zaizkion istorioak. Komikigilea da Dani Fano. Hala aurkeztu nahiko luke bere burua bederen. Komikigintzatik bizitzea ia ezinezko den honetan, baina, ilustratzaile etiketarekin konformatu behar izaten du gehienetan.

Praktikak egin du komikigile. Bere belaunaldiko marrazkilari gehienen antzera, gainera, eskuzko marrazketatik digitalera doan bidea bizkor ibili behar izan du. Birziklatze horretan abila izan da Fano eta arkatzarekin edo tableta grafikoarekin antzera moldatzen da egun. Hori bai, lan kutunen bat eskuartean badu, arkatza, borragoma eta tenperekin mimatzen ditu detaile guztiak. Hala, bere-berea izanen da erditzen duen komikia.

Arte Ederretako ikasketak orokorregiak iritzita, hezkuntza fisikoaren eta kirolaren alde egin zuen gaztetan. Marrazteko zaletasuna, baina, beti izan du lagun, eta, urteen poderioz, ilustrazioaren eta kirolaren arteko lehian lehena atera zen garaile.

Haurtzaroa arkatz eta margo artean igaro zuen Fanok. Bere eskuetara iristen ziren irudiak kopiatzeko ohitura zuen, bai eta eskolako apunteak komiki formatuan hartzekoa ere. Argi du amari zor diola komikigintzarako zaletasuna: «Ume gehienen antzera gustuko nituen ‘Asterix eta Obelix’, ‘Mortadelo y Filemón’ edota ‘Tintin’ moduko komikiak. Oraindik nerabe nintzela, baina, amak ‘Vértigo’ eta ‘Epic’ aldizkariak ekarri zizkidan eta mundu berri bat ireki zen nire aurrean».

Amak emandako urrats hura bihotzez eskertzen du Fanok, izan ere, harengatik ez balitz., ume gehienen antzera, etenda ikusiko luke komikien iturria. Jakin badaki, gainera, amarentzat erabaki hura ez zela samurra izango: «Helduentzako ziren komiki horiek eta ni oraindik ez nintzen heldua. Sexua  ere ageri zen, finean, nerabe batek bilatzen zituen gaiak zeuden bertan, estetika berezia...».

Fanok 90eko hamarkadaren akaberan ekin zion bere ibilbide profesionalari. Ikastolen Elkartearen eskutik eman zituen ilustratzaile gisako lehen pausuak eta haur askoren hezkuntzan bidelagun izan diren Ttantto, Txirritx eta Xango koloreztatzen igaro zituen laneko lehen egunak.

Komikigintzari, bere arte preziatuari, geroago heldu zion, eta, memoriak huts egiten ez badio, “Mutxo” pilota aldizkarian argitaratu zuen bere lehen komiki tira. Ondoren etorri ziren “Ipurbeltz”, “Elhuyar”, “Ardi Beltza” edota “Kale Gorria” moduko aldizkarietako kolaborazioak.

Ilustrazioaren alor bakarretik bizi ahal izatea zaila da. Are nekezagoa, gainera, arlo hori komikigintza bada. Fano, baina, zorionekoa sentitzen da: azken hamarkadan bere lanaldiaren tarte handiena binetei eskaintzeko aukera izan du. «Ez dakit zein planeta konjuntzioa eman zen», hasi zaigu kontatzen “Xabiroi” komiki aldizkariaren koordinatzaile izateko eskaintza nola iritsi zitzaion azaldu asmoz.

2005. urtean eskaini zion Ikastolen Elkarteak komiki aldizkaria argitaratzeko aukera eta birritan pentsatu gabe eman zuen pausua. Haren iritziz, gainera, genero txikitzat jotzen den komigintza piztuta mantentzeko nahitaezko tresna dira aldizkariak. «Jarraikortasuna hil ala bizikoa da komigintzan –hasi zaigu azaltzen–. Argitaletxe esanguratsuek komikiak maiztasun jakin batean argitaratzen ez badituzte, aldizkarien premia izugarria bilakatzen da».

Euskal komikigintzari urtero hiru ale eta bilduma bat eskaintzeaz gainera, komikigileen amarauna osatu du “Xabiroi” aldizkariak. Izan ere, aldizkaria sortu arte norbera bere etxean, sakabanatuta, aritzen ziren marrazkilariak saretu ditu. Guztira 30 komikigile inguruk egiten dute “Xabiroi”; batzuek ale alez hutsik egin gabe eta beste batzuek noizbehinkako lanean. Elkar ezagutza horrek, gainera, aldaxkak ere sortu ditu eta asko dira gerora piztu diren proiektutxoak.

Umeekin eta fantasiarekin lotzen da maiz komikigintza. Fanoren arabera, baina, lotura hori egiten dutenen kalterako. «Umeekin lotu eta literatura seriorako trantsizio bide gisa hartzen da komikigintza –dio haserrea ezkutatu gabe–. Eta izan daiteke, noski, dena izan daitekeelako beste zerbaiten trantsizio bidea, baina berezko zentzua eta balorea badu». Kultura hori oso espainola dela gaineratu du Fanok, eta, tamalez, komigintzaren alorrean Hego Euskal Herriak lepo beretik du burua.

Estatu espainolean egin den komikigintza apurra Ameriketako Estatu Batuei begira egin dela iritzi du donostiarrak, umeei eta fikziora zuzenduta, alegia. Barre artean gogoratzen du Estatu espainoleko komiki azokara lagun bat eraman zueneko pasartea. «Denak xelebreak dira, eta, normala den bat ikusiz gero, seguru autorea dela!», dio estereotipoak egon badaudela baieztatuz.

Angoulemeko komiki azoka aipatu eta begiek dirdira egiten diote. «Hori beste gauza bat da!», dio ziur. Urtarrileko azken asteburuko nahitaezko hitzordua du urtero: «Hemengo ezerezetik mundu horretara iristea kontsolagarria behintzat bada! Bertan edonor topa dezakezu komikiak erosten, amonak, exekutiboak... Han komikia asko estimatzen da».

Munduko komiki azoka esanguratsuenetik indarberrituta etorri ohi da Fano. Pizgarria da beretzat azoka, eta marrazteko gogo biziz itzultzen da. Egunerokoa, baina, bestelakoa da. Ohikeria gris eta aspergarririk gabe bada ere, oso lanpetuta igaro ohi ditu urria eta abendua arteko asteak, Getxoko eta Durangoko azokek komikigileen agenda erabat aztoratzen dute-eta. Gainontzean, bere semetxoaren premiek eta “Xabiroi” aldizkariren koordinazioak okupatzen diote lanaldi erdia. Beste erdia, zer margotu pentsatzen eta pentsatutakoa irudikatzen ematen du.

Presente du komikiaren munduan ez dagoela ez dirurik ezta glamour berezirik ere. Tematiak, baina, badira komigileak, eta, hala, istorio sortzaileak tentatzeko asmoz amua bota zuen “Xabiroi” aldizkariak orain urte batzuk. Euskal idazle edota gidoigileak komikigileekin batera jarri zituen lanean, eskuz esku eta emaitza benetan ederrak lortuz. Arkaitz Cano, Eider Rodriguez, Irati Jimenez, Iban Zaldua edo Pako Aristi dira binetetara erakarritako idazleetako batzuk.

Komigileak gidoigileekin lan egitera ohituta dauden bitartean, ez da bera gertatzen idazleen kasuan. Fanok argi du haientzat izan dela berrikuntza handiena, baina, gustura aritu direla aitortu du. «Gainontzeko medioekin alderatuta, komigintza da mugarik ez duen bakarra. Besteetan aurrekontuak dena baldintzatzen du; zuk ezin duzu zinemarako gidoi batean edozer gauza ipini, komikian, baina, pedrada martzianoena irudika daiteke», kontatu digu. Harro azaltzen ditu Fanok baliabide gutxikoa baina zuzena den arte honen abantailak; «oso esker onekoa da komikigintza», dio

Fikziotik aldendu eta memoria historikoaren berreskurapena oinarri duten komikiak ere egin izan ditu Fanok. Komikia bitarteko indartsua da egiteko horretan, irudien bidez hautatutako garaian kokatzen ditu-eta irakurleak. Merkatu frankofonoan maiz erabiltzen dira binetak memoria historikoaren eraikuntzan.

Halakoetan komikia egitea ez da marraztea bakarrik. Arkatza zorroztu aurretik, dokumentazio lan mardula egin behar da. Adibide esanguratsua da XVII. mendeko Donostian kokatutako “Korsarioen ostatua” izeneko Fanoren komiki tira. «Zer edo zer fantastikoa egin nahi nuen. Apur bat dokumentatu asmoz liburutegira joan eta harrituta geratu nintzen. Holakoetan fikzioak ezin du errealitatea gainditu!», dio barrez.

Memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginak gure mugak gaindiarazi eta El Salvadorrera ere eraman du Fano. Proiektuak ez du 2016. urtea arte argia ikusiko, eta, beraz, ez du askoz gehiago aurreratu nahi izan.

Arkatzek eta kolore guztietako tenperek dekoratzen zuten orain gutxi arte Donostiako Amara auzoan duen etxeko estudioa. Iraultza teknologikoa bataila irabazten joan den heinean, baina, marrazteko tabletak eta gainontzeko bitarteko digitalek hartu dute margo poteen lekua. Bertan utzi dugu, inspirazioaren laborategian lanean. •