Koldo Sagasti

Pentsamenduaren polizia zelatan

Astelehenean “Armiarma” izeneko polizia operazioaren berri izan genuen. Espainiako Guardia Zibilak 21 lagun eraman zituen atxilo sare sozialetan argitaratutako iritziengatik. Twiterreko 140 karaktereetan gogoeta gaitzesgarriak partekatzea leporatu zien epaileak. Egoera ez da berria, lehen ere izan dira Interneten plazaratutako iritziengatik auzitegira bidali dituztenak, baina oraingoan inplikatu kopuruak eta sarekadaren inguruan antolatutako zirkuak berebiziko oihartzun mediatikoa eman diote aferari.

Izan da horrelako testuingururik iragarri zuenik. 1947an George Orwellek Pentsamenduaren Polizia irudikatu zuen. Orwellen “1984” eleberrian ustezko polizia-erakunde horrek hiritarren pentsamenduak ikuskatzen zituen inork sistemarentzako hausnarketa arriskutsurik egin ez zezan, eta “pentsamendu txarrik” zeukana 101. Gelara –Auzitegi Nazionalaren antzeko toki bat– eramaten zuten, bertan ideia mehatxagarri horiek ezabarazterainoko torturak egiteko. Pentsamenduaren Poliziak telepantailak baliatzen zituen jendearen mugimendu oro zelatatzeko, egungo ordenagailuen pareko mikrofonoz hornitutako pantaila batzuk, eta hiritarrak behartuta zeuden etxean zein lantokian tramankulu bana izatera. Ordenagailuak existitu ere egiten ez ziren garaian idazle britainiarrak gure pentsamenduak ikuskatzen dituzten elektrotresnak irudikatu zituen Anaia Handi orojakilearen zerbitzura.

“1984” eleberriko egilea, 30 urteko aurrea hartuagatik, oso fin ibili zen etorkizuneko gizartea aurreikusten. Gure zorionerako, gaurko Pentsamenduaren Polizia oraindik ez da gai gure gogoeta intimoenak irakurtzeko; horietatik egiten dugun adierazpen idatzia baino ezin du ikuskatu. Benetan pentsatzen dudana ikusteko gai balira, gaur gauean Anaia Handiak ezingo luke begirik bildu. •