Ruben Sanchez

Europar Batasun desberdin bat

Europako Parlamenturako hauteskundeak datozela eta, hasi da kanpaina gurean ere. Indar politiko nagusiek Europar Batasunean eta bertako legebiltzarrean sinesteko gonbita luzatzen digute, eta hainbat koloretako hauteskunde-gazta ere eskaintzen digute.


Europar Batasunarekin kritikoen EH Bildu ageri da: «Europar Batasun desberdin bat. Beraz, ez dugu Europar Batasunaren eredua eraberritzea planteatzen, baizik eta prozesu eratzaile bat martxan jartzea». (EH Bai koalizioa, bere aldetik, ez da aurkeztu eta EH Bildurentzat eskatu du botoa). EH Bildu koalizioa ideologia ezberdineko alderdiek –besteak beste Europar Batasunarekiko ikuspegian– osatzen duten neurrian, ulergarria da, denak ahalik eta gusturen egon daitezen, erdibideko proposamen bateratua egiteko ahalegina, azkenean, “EB desberdin bat” leloan laburbiltzen dena.
Gainera, egia da realpolitik-a ere hor dagoela, areago mapa ofizialetan ageri ez den herri bat mapa ofizialetan ageriko den estatu bihurtzea nahi duzunean. Alegia, proiektu independentista baten alde herritar ahalik eta gehien erakarri nahi/behar dituzunean, eta nazioarteko komunitatearen aurrean realinteresting txaketarekin agertu beharra duzuenean.


Alabaina, ezker abertzalearen jarrera historikoa herrien eta herritarren Europa baten aldekoa izan da. Eta galdera logikoa da: posible al da Europar Batasun hain desberdin bat lortzea? (Posible al da armadak bakezaleak izatea, edo Eliza katolikoa ez dogmatikoa, edo kapitalismoa sozialista?) Nik uste inork gutxik sinesten duela horrelakorik benetan. Aitor nezake “errealismo” aproposko pixka bat “euskal” trantsizioan. Baina esan egia: olibak ba al du barruan hezurrik? •