Beñat Zarrabeitia
infraganti

Oscar De Marcos

Arabako Errioxako hiriburua da Guardia. Ardoa eta mahastiak dira bertako ikur nagusiak. 1.500 biztanle pasatxo dituen Guardian, Oscar de Marcos futbolaria da herriko semerik kutunetakoa. Athleticeko jokalariak munduko futbol zelairik onenak ezagutu ditu, eta baloiaren atzetik korrika une gaziak zein gozoak bizi izan ditu.

Oscar de Marcos
Oscar de Marcos

Egun Lezaman Athleticek dituen instalazioetan igarotzen ditu orduak eta orduak Oscar De Marcosek, baina bere hastapenak Guardia jaioterrian bertan eman zituen. «Areto futbolean jokatzen hasi nintzen eta taldeko entrenatzailea nire aita zen. Berari kirol hau asko gustatzen zaio eta atsegin handiz bizi zuen anaia eta biok futbolean jokatzea. Ondoren, zazpiko futbolean jokatzen hasi eta Alavesen arreta bereganatu nuen», gogoratu du arabarrak.


Gasteiztarren urrezko aroa, Lehen Mailara igoera, Europan aritzeko txartela eskuratzea eta Liverpoolen aurka Dortmunden jokatutako UEFAko finala klubaren barrutik ezagutu zituen De Marcosek. Oroitzapen onak ekartzen dizkioten garaiak dira. «Oso gaztea nintzen, baina Alavesen historiako unerik onena izan zen eta nik kluba maitatzen ikasi nuen, kontutan hartu behar baita txikitatik Athleticeko zalea izan naizela».


Apurka, eliterako bidea osatzen duten eskailerak igo zituen, bidean une zailak igaroz. 2007ko udan, bosgarren metatartsoa bitan hautsi zuen, denboraldia ia erabat galduz. Hala ere, hurrengo denboraldiaren prestaketa lehen taldearekin egin zuen, «Hirugarren Mailan aritu gabe kasik. Etorkizuna nuen jokalaria nintzela zioten, baina ez nintzen lehen taldean geratu». Azkenik, sailkapenean arazo nabarmenak zituen Alavesek Manix Mandiola fitxatu zuen entrenatzaile gisa. Eibartarrak De Marcosen aldeko apustua egin zuen. «Beasainen 4-1 galdu genuen partida baten ostean, lehen taldera igo eta asko jokatzeko aukera eskaini zidan», gogoratu du.


Alavesek maila galdu arren, Athleticeko teknikariek De Marcos eta Igor Martinez begiz jo zituzten. Hala, 2009ko udan, Guardiakoaren ametsa egia bihurtu zen. Ezustean harrapatu zuen zuri-gorrien interesak. «Sopelako hondartzan nengoen nire ordezkariak Athleticen jokatuko nuela esan zidanean. Berehala herrira itzuli eta hurrengo egunean Huelvan denboraldi-aurrea egiten zegoen talderekin bat egin nuen», dio.


Historikoki, talde zuri-gorriak jokalari arabarren presentzia urria izan du, baina azken urteotan kopurua nabarmen igo da. Aitor Ocio, Gaizka Toquero, Igor Martinez, Iñigo Velez de Mendizabal, Unai Albizua edo De Marcos bera izan dira Athleticen elastikoa jantzi duten azken jokalari arabarrak. Umore eta normaltasunez hartzen du egoera: «Azken batean Euskal Herriko talderik garrantzitsuenean gaude eta arabarron ordezkaritza ere beharrezkoa da. Ez dezatela esan!».


Herritik hirira


Guardiatik Bilborako jauzia azkar eman zuen De Marcosek, hasieran hirira egokitzea zaila egin zitzaion arren. Dena arrotz eta mila aukera. «Herrian lasaitasun ikaragarria dago, denak elkar ezagutzen dugu eta oso egoera ezberdina da. Hasieran ez nekien hiritik mugitzen, leku txiki batetik nentorrenez autoarekin zoratu egiten nintzen. Adibidez, behin, Portugaleteko saltoki handi batera eraman ninduten eta mugikorra erostera ere bertara joan nintzen ondoren. Izan ere, ez nuen uste hainbeste aukera eta denda izango nituenik Bilbon bertan mugikor bat erosteko! Guardian, zer edo zer behar izanez gero, Gasteiz eta Logroño gertu geratzen dira, baina Bilbon denetarik duzu. Erraztasun handiak daude elikagai edo arropak erosteko, jatetxeak aurkitzeko, aisialdia antolatzerako orduan... Lasaitasun gutxiago dago baina bizi aukera gehiago dituzu».
Askotariko zaletasunak ditu De Marcosek, horietako bat zinema. Denon ahotan dagoen “Ocho apellidos vascos” da ikusi duen azken filma. «Barre asko egin nuen. Norberaren inguruan barre egitea sanoa da, bertuteak eta gabeziak ditugu euskal herritarrok eta horien inguruan barre egiten jakin behar dugu». Egunerokotasunari hedabideei astindua emanez erreparatzen dio arabarrak eta sare sozialetan ere abila da: «Bertan dauden gauzak ikustea nahiago dut edukiak igotzea baino. Facebook eta Instagrameko kontuak ditut eta noizbehinka edukiren bat igotzen dut, baina nahiago dut bertan dagoena ikustea».


Dena den, ahal duen guztietan itzultzen da Biasterira, eta sorlekuaren enbaxadore lanak ere egiten ditu. Taldekideek ongi dakite. «Herri ederra da, kaleko bizitza oparoa duena. Nik 6 edo 7 urte nituenetatik kalean jokatu izan dut beti. Leku itxia da, bost ate dira eta bertatik ez da autorik pasatzen; bertan jolasten zoriontsu izan nintzen ni umetan. Ez zegoen autorik eta arazoren bat izatekotan, beti zegoen ezagutzen zenuen norbait».


Horregatik, taldekideei bertara asteburu-pasa joatea gomendatu izan die, «bereziki seme-alabak dituztenei». Bertan, De Marcosen esanetan –aurpegia alaitu eta begiak zabaldu egiten zaizkio sorterriari buruz hitz egitean–, «lasai egongo dira, primeran jaten da eta ardo zoragarria dago». Hori bai, bisita ondo balia dezaten, «joan-etorrian denbora dezente pasatzen denez, Guardian bertan lo egitea da egokiena».


Egun, Bilbon egiten du bizitza. Bilboko erdigunean, errekatik gertu, bere bi txakurrekin paseatzeko baliatzen duen gunea dago. Eta Guardiatik Bilbora egindako aldaketa horretan, lagun zahar bat berreskuratzen ari da: euskara. Euskarari, izan ere, astindua ematen ari da azkenaldi honetan Oscar de Marcos: «Txikitan ikasi nuen, baina herrian ez da asko erabiltzen eta familian ez genuen elkarren artean hitz egiten». Berriro ere bidea egiten ari da orain: «Idatzita edo telebistan dena ulertzen dut. Prentsaurreko oso bat euskaraz ematea zaila da niretzat, baina irratirako adierazpen laburrak egitea posible ikusten dut».


Europara bueltatzeko ilusioa


Lezaman eman dituen bost urteetan futbol jokalari batek bizi ditzakeen egoera guztiak ezagutu ditu De Marcosek, pertsonalki zein kolektiboki. «Oraindik gauza asko bizitzeko ditut, baina egia da bide oparoa egin dudala. Lehen urtea zaila izan zen, bazirudien primeran joango zela baina ez zen horrela izan, gogorra izan zen niretzat». Umiltasunez aztertzen du lehen urte hartan gertatutakoa. «Lehen Mailara moldatu beharra nuen eta ordezkoa izan nintzen. Jokalari batek aulkian egoten jakin behar du, ikasi eta indartsuago egiten baitzara bertan».


Marcelo Bielsa Athleticera heltzearekin batera De Marcosen egoera erabat aldatu zen, argentinarrarentzat ezinbesteko jokalaria bihurtu baitzen. Arabarrak gogoan ditu Rosarioko entrenatzailearen dohainak: «Oso perfekzionista da eta jokalarien onena ateratzen daki. Jokalari guztien errendimendurik altuena eskuratzen du».


Aurtengo denboraldian rol berria bizi du. Ez da hasierako hamaikakoan sartu ohi baina ia partida guztietan jokatzen du. «Aulkitik sartzen naizenean laguntzen saiatzen naiz. Nire papera asimilatzen nabil eta oso zoriontsu naiz; taldea oso ondo ari da eta ni eroso nago». Taldeak erregulartasun handia erakutsi du eta bi jardunaldiren faltan Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu du.


«Aldagela ezagutzen du»


Ernesto Valverderen lanaz ere hitz egin du De Marcosek. «Futbol jokalaria izan zela igartzen da. Aldagela bat zer den ongi ezagutzen du eta futbolarien artean izaera eta behar ezberdinak daudela jakin badaki», dio. Primerako lana egin du gasteiztarrak eta datorren denboraldian ere, Bartzelonaren eskaintzari ezetz esan ondoren, zuri-gorriak zuzenduko ditu berriro, Europako talde handienen aurka gainera.


Vallecasen Rayoren aurka kasik 6.000 zaleren babesarekin jokatutako partidan, Oscar de Marcosek Athleticen goletako bat erdietsi zuen. Ondoren, egindako promesari eutsi zion, arrakasta Arabako Errioxako ardo batekin topa eginez ospatuz. Jokalari askorentzat, gaua Dani Martinez antzerkigilearen konpainian luzatu zen Madrilen. •