Aitor Etxebarria

Brusela

Behin Bruselan Washingtonen baino lobby eta nazioarteko korrespontsal gehiago daudela irakurri nuen. Ez da gutxiagorako, belgikar instituzioekin batera Europar Batasuna eta NATO baitaude Europako hiriburu den hirian. Lobby horietako gehienek multinazional eta gobernuen interesak ordezkatu eta defendatzen dituzte, baina ez bakarrik. Mundu osoko nazio askapen mugimenduek ere Bruselan ordezkaritza dute, kurduek (bai BDPk bai KNK-k), Kolonbiako Marcha Patriótica mugimenduak, Myanmarko Euro-Burma taldeak eta abar luze batek bulegoa dute Bruselan eta Europar Batasuneko instituzioetan lobby lana egiten dute. Argi dute, argi beharko genuke guk ere, europar instituzioek berebiziko garrantzia dutela euren herrietan garatzen ari diren borroketan.
Iraganean ezker abertzaleak Europako Parlamentuan ordezkaritza izan duenean, bereak ez ezik, beste hamaika herri ezberdinetako aldarrikapenak ere defendatu ditu. Beste borroka eremu horietako eragile politiko eta sozialekin harreman sendoak eraikitzeko erabili du eserlekua. Munduan dauden ezker mugimendu eta estaturik gabeko herrietako eragile askok EH Bilduk eserlekua lortzea nahi dute, euren interes eta iritziak defendatuko dituen koalizioa baita. Elkartasun eta internazionalismoan aurrerapauso sendoak emateko ere lagungarria baita bertan egotea.


Mundu guztiko kazetariak daude Bruselan, gurea mundura zabaltzeko leiho paregabea da, ez dezagun aukera galdu, ez dadila gure erruz gurean bizi den egoeraren errelato bakarra, statu quo-arena egon. Zer pentsatzen dugun eta zer eskaintzen dugun ozen eta harro azaltzera joan behar dugu Bruselara, zubiak eraiki, elkarlana indartu eta elkartasuna eskaini eta jasotzera. Gurea indartu eta besteekin batera Europa berri bat eraikitzen lagundu. Ez dezagun tren hori galdu. •