Maider Eizmendi
infraganti

Ainhoa Galdeano

Patinen irrista haurra zela ezagutu zuen Bilboko Artxanda mendiko izotz pistan; orain lau urte, gurpil-lerroko patinaje artistikoa probatzeko tentazioari ezin izan zion eutsi eta lehian hasi zen berehala. Pasa den asteburuan Basaurin jaiotako patinatzailea Munduko Openeko podiumeko kaxa altuenera igo zen, master kategorian.

AINHOA GALDEANO
AINHOA GALDEANO

Panticosatik bueltan topatu dugu Ainhoa Galdeano Arrigorriagan bizi den patinatzailea. Huescako herrian ospatu zen pasa den asteburuan IV. Gurpil Lerroko Patinaje Artistikoko Munduko Opena.

Gustura baino gusturago dago bertatik ekarri duen emaitzarekin, podiumaren kaxa gorenera igotzea lortu baitzuen, Adults Master kategorian. Itxaropenez beteta abiatu zuen txapelketarako bidea, prestaketa lan handia egin zuelako, baina lehian edozer gerta daitekeela ondo baino hobeto daki. «Prestatuta egonagatik, urduri jartzen bazara, akatsen bat egin dezakezu nahi gabe eta egin duzun lan guztia alferrikakoa gertatzen da», azaldu du.

Kirioak tenplatzea lortu zuen antza, besteak baino trebeago aritu zela Panticosako pistan erabaki baitzuten epaileek. Dagoeneko ohitura hartzen hasia dela pentsa daiteke, iaz ospatu zen III. Munduko Openean ere lehen postua lortu baitzuen jaiotzez basauriarra den patinatzaileak.

Kasualitateak bultzata

Orain dela lau urte berriz ere patinekin lehiara itzuli zenean inork halako emaitzarik lortuko zuenik esan izan balio, ordea, nekez sinetsiko zion Galdeanok. 44 urte dituen patinatzaileak, txiki-txikitatik jakin du patinajeak dakarren «askatasuna» usaintzen. «Artxandan zegoen izotz pistan hasi nintzen haurra nintzela patinatzen, baina itxi zutenean utzi egin nuen», argitu du.

Orain lau urte kasualitateak eraman zuen gurpil-lerroko patinaje artistikoa deskubritu eta probatzera. «Interneten neska bat ikusi nuen pirueta bat egiten; kaleko patin arruntekin halakorik egitea ezinezkoa zela pentsatu nuen, eta horregatik hasi nintzen Sarean begira; patinei aurrean jartzen zaien takoari esker egin zitekeela ohartu nintzen», oroitu du Galdeanok.

Harrigarriagoa izan zen Interneten ikusi zuen neska hura neskatila zela berarekin izotz gaineko patinajea egin zuen emakume baten alaba zela ohartu zenean. Segidan jarri zen harekin kontaktuan eta konturatzerako oinetan jarriak zituen gurpil-lerroko patinaje artistikoa egiteko patinak.

«Horiek bai, nik ere bai»

Laguntzaile gisa, «epaileen puntuazioak jasotzera», joan zen lehen txapelketara eta bertan ezagutu zuen gertutik master kategoria. «Nire adineko jendea zen eta haien mailan aritu nintekeela pentsatu nuen», gogora ekarri du.

Azken batean, «izotz gaineko patinajearen parekoa da, baina, hortzaren gainean beharrean, gurpilen gainean irristatzen zara; aurreko aldean, berriz, takoak ditu patinak piruetak egin ahal izateko». Bizikletan ibiltzen ikasten duenak ez duela sekula gurpilen gainean ibiltzeko trebezia galtzen esan ohi da, eta, parekoa gertatzen da, Galdeanoren ustez, patinekin. «Oreka, patinaje artistikoan egiten diren ariketak eta keinuak barneratuak neuzkan txikitatik eta haiek ez dira erabat galtzen», azaldu du, bere kontura patinatzeari inoiz ez diola utzi gogora ekarrita. «Entrenamenduetarako diziplinara berriz ere egokitzea izan da zailena», onartu du.

Jakara joaten da noizean behin «entrenamendu zehatzago eta gogorragoak» egitera, eta, gainerakoan, etxe ondoan lantzen ditu erritmo eta koreografiak, gutxienez astean bitan. Saio horietan fintzen ditu World In line Figure Skating Association erakundeak lehiaketetarako ezartzen dituen gutxieneko trebeziak eta arauak.

Ez du ahazteko parte hartu zuen lehen txapelketa. «Parisen egin zen. Oso-oso urduri nengoen, nahiz eta jakitun nintzen ez nuela ezer galtzeko», aipatu du. Beldurrik handiena txapelketarako osatu zuen koreografiaren zatiren bat ahaztea zela gogoratu du, eta, hala gertatzekotan, «ahalik eta gehien disimulatzea; hori egiten ere jakin behar baita».

Atzerriko patinatzaileekin lehiatzen da, batez ere, «Europan hemen baino askoz era tradizio handiagoa dagoelako». Hori dela eta, patinajearen aitzakian batera eta bestera bidaiatzen du txapelketetan parte hartzeko. Hala, Parisen edota Bukaresten izan da azken urteotan patinak jantzita.

Gero eta zale gehiago

Pixkanaka patinajea inguru hauetan ere zabaltzen ari dela uste du Galdeanok, eta horregatik «gero eta jende gehiago ikusten da kalean patinekin». Etorkizun hurbilean, beraz, patinatzaile gehiago izango direla iritzi dio, «horretarako baliabideak» jartzen badira. Izan ere, lastima da, bere ustetan, Bizkaian izotz pista bakar bat ere ez izatea, halakorik izateak lurralde osoan patinajea asko indartuko lukeela uste baitu.

Aurrera begira, orain artean bezala, «disfrutatzea» dela bere helburu behinena aitortu du, bai eta lehiaketa gehiagotan parte hartzea ere. «Pizgarri bat da txapelketetan parte hartzea; azken batean, zure buruari helburu bat jartzen diozu eta horrela askoz ere errazagoa da entrenatzea eta ahalik eta gehien hobetzen saiatzea».

Lehiaketetan parte hartzeak, ordea, entrenatzeaz harago eskatzen dio esfortzua Galdeanori, egiten dituen bidaiak bere poltsikotik ordaindu behar izaten ditu eta. «Babesleak topatzea ez da batera erreza, besteak beste, hau ez delako oso kirol ezaguna gure artean», aitortu du. Urtean zehar egindako lana bere buruari lehenik eta gainerakoei ondoren erakusteak ematen dion plazerak, ordea, merezi du esfortzua: «Oporretan gastatuko nukeena lehiaketetara joaten inbertitzen dut, nire hobby gustukoena horixe delako». •